Hego Euskal Herriko lau hiriburuak lotuko dituen BUTS zirkuituko lehen etapa (Bilbo-Gasteiz) otsailean jokatu zen. Bigarrenak arabar hirriburua eta Iruñea lotu zituen, 130 kilometroko ibilbidean, eta maiatzean egin zuten. Hirugarren etapan, Iruñea eta Donostia arteko 120 kilometroak gainditu zituzten parte hartzaileek, joan den abuztuan.
Laugarren eta azken etapa izango da luzeena: 140 kilometro. Urriaren 6tik 8ra jokatuko da Donostia eta Bilbo artean.
• Elgoibarren anoa postua
Elgoibartik ere pasako dira parte hartzaileak. Morkaiko mendizale taldetik jakinarazi dutenez, 07:00ak inguruan espero dituzte lehen parte hartzaileak. Herri barrutik pasako dira gainera, Kultur Etxe aurrean izango baitute anoa postu bat.
• Lau katedralen martxa oinarrian
Sheve Peña mendizale tolosarrak 1953an eginiko ‘Lau katedralen martxa’ hartu dute oinarri BUTS zirkuituan. Edu Uribe mendizale elgoibartarrak orain urte batzuk egin zuen ibilbide hori, hain justu ere. EAE eta Nafarroako erakundeek bat eginda antolatu dute lasterketa. Antolatzaileen esanetan, kirola ez ezik, lurraldeen aberastasuna, kultura, turismoa eta ondarea ere sustatzen ditu lasterketa honek.
Guztira 24.600 metroko desnibel positibo metatua izango du probak, eta 78 gailur gainditu beharko dituzte. Tartean Ganekogorta, Gorbeia, Kapildui, Beriain, Ezkaba, Erga, edo Adarra.