Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren teknifikazio proiektuan parte hartzeko aukeratu dute Alex Bergua

Barren.eus 2017ko urr. 9a, 14:07

Pilotariei entrenamendu tekniko eta prestakuntza fisiko pertsonalizatua eskaintzeko teknifikazio proiektuan infantil eta kadete mailako 52 pilotari ari dira dagoeneko entrenatzen, eta horien artean da Alex Bergua elgoibartarra. Beñat Rezusta pilotari profesionala izango du irakasle entrenamenduetan.

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) 2014-15 denboraldian jarri zuen martxan mutilen eskuko teknifikazio proiektua. Pilotariei entrenamendu tekniko eta prestakuntza fisiko pertsonalizatua eskaintzea du xede, lurraldeko klubei laguntzearekin batera.
Iaz hasitako bideari jarraituz, eta pilotari zein Gipuzkoako txoko gehiagotara iristeko helburuarekin, aurten ere eskualdeetan teknifikazio entrenamenduak eskainiko ditu federazioak. Infantilei zuzendutakoak izango dira horiexek. Kadeteen entrenamendu guztiak, berriz, Donostiako Atano III.ean izango dira.
Hamazortzi pilotari kadete ariko dira Gipuzkoa mailako entrenamenduetan, eta 34 pilotari infantil eskualdeetan (Goierri, Tolosaldea eta Aiztondoko 12 pilotari; Bidasoa, Oarso eta Buruntza eskualdeetako 10; eta Deba eta Urolako 12).
• Beñat Rezustaren aginduetara
Izena emandakoek hautaketa probak egin zituzten irailean, eta aukeratuak izan zirenek urria hastearekin batera ekin zieten entrenamenduei. Elgoibarko Lagunak eskolatik lau pilotari aurkeztu ziren hautaketara: Beñat Jurado, Danel Iriondo, Iban Arrizabalaga eta Alex Bergua. Eta, Bergua izan zen hautatu bakarra.
Deba eta Urola eskualdeetako pilotari gazteek Beñat Rezusta pilotari bergararraren laguntzarekin jardungo dute. Zestoan egingo dituzte entrenamenduak, astean behin, ekainera bitartean.