Lau lanpostu sortuko ditu Udalak enplegua sustatzeko planaren baitan

Barren.eus 2017ko urr. 10a, 09:56

Debabarrena eskualdeko enplegu-planaren barruan, Elgoibarko Udalak elektrikari lanpostu bat eta jarduera anitzetarako beste hiru eskainiko ditu.

Kasu bietan kontratuek bost hilabeteko iraunaldia izango dute, lanaldi osoan, 6:45-14:00 ordutegiarekin. Elektrikariak herriko argiteria eta lokal publikoen sistema berrikuste eta mantentze lanak egingo ditu eta Behe-tentsioko instalatzaile argiketaria karneta eduki beharko du. 
Bestalde, jarduera anitzeko langileak, hiri altzarien metalezko eta zurezko elementuetan, oinezkoentzako bide, espaloi eta erabilera publikoko parkeetan mantentze eta konpontze lanak egingo ditu eta ekitaldietako muntaketa lanetan lagundu.
Bi kasuetan, B gidabaimena edukitzea, udalerria ezagutzea eta gaztelaniaz berba egiten jakitea beharrezkoa izango da eta baita langabea izatea eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena-emanda egotea ere. Halaber, honakoak ere baloratuko dira: euskara ezagutza, igeltserotza, elektrizitate, margotze edota zurgintzan frogatu daitekeen lan esperientzia izatea, DBE (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta) onuradun titularra izatea, edo 55 urte baino gehiago edukitzea.
• Parte hartzeko eskabideak aurkezteko era eta epea
Hautapen-prozesuan parte hartu nahi duenak argitaratutako oinarrietan eskatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko du, Lanbidek dituen bulegoetan, 2017ko urriaren 16a baino lehen. Lanbideren web orrialdetik ere egin daiteke eskabidea:

Udalaren konpromisoa

Elgoibarko Udalak jakinarazi duenez, Enplegu Plan honekin lanpostuen sustapenarekin eta herritarren bizi kalitatearen hobekuntzarekin duen konpromisoa erakusten du. "Modu honetan, pertsonen talde bati ezagutza eta lan esperientzia eman nahi zaizkio profesionalki trebatu eta enpleguaren bilaketa eraginkor bat egin ahal izateko tresnak errazteko helburuarekin, era berean erabilgarritasun soziala duten kalitatezko lanak egiten direlarik", azaldu dute.

 

∞ Lotura duten albisteak: