Azken erronka handi horren barruan, badute proiektu bat bereziki estimuan izan dutena, Morkaikoren proiektu izarra izan dena: Moru. 2014. urtean aurkeztu zuen Morkaikok Moru garbitu eta han dagoen Burdin Aroko herrixka babesteko proiektua. Danobat enpresak lagundu zuen proiektua diruz orduan, eta orain, Elgoibarko Udalaren esku laga du Morkaikok proiektua. Pozik daude, gainera, Udalak agertu duen interesarekin, eta baita lur-jabeak agertu duen prestutasunarekin ere.
• Moru, Morkaikoren proiektu izarra
Morkaikoren mendi ingurune taldekoen proiektua da, 2014an abiatu zuten egitasmo zabalago baten atal bat. Bere garaian elgoibartarrentzat esangura handia izan zuten leku eta mendi-ondare batzuk [erromeria-guneak, iturriak, buzoiak...] bazter lagata zeudela jabetuak zeuden Morkaikon, eta horiek garbitu, inguru horiei balioa eman, bazkideen artean auzolana bultzatu eta haurrekin kontzientziazio lana egitea erabaki zuten. Labur esanda, pinuak eta sasiak jandako lur-sailetan bertako espezieak landatu, inguru horretako ondare materiala bistaratu eta berriz ere naturgune horiek erakargarri bihurtu nahi zituzten. Hamalau puntu identifikatu zituzten, eta Sargoateko iturria berritzea lehenetsi zuten. Proiektua idatzi, diru-laguntza eskuratu, lur-jabearekin tratua egin, hektarea bateko lur-saila erosi eta garbitu, haurrekin hemen bertako arbola espezieak landatu eta iturria konpondu zuten. Auzolanean egin zuten dena, 2013an, eta Karakateko iturria eta Muskurutxukoa konpondu zituzten hurrena, bi-hiru asteburutan.
• Elgoibarko balkoia
Egitasmo horretan, baina, Moru zen proiektu izarra. “Elgoibarko balkoia” da Moru, Elgoibarko “ikuspegi onena” duen mendia, leku estrategikoa umeekin joateko eta historia handikoa, Brontze eta Burdina aroko herrixka dagoelako han. 2014an ekin zioten proiektua idazteari Foru Aldundiko arkeologoen aholkularitzarekin, eta ondoren etorri ziren beste egiteko denak: Lur-jabeak identifikatu, pinadia bota eta lur-saila erosteko tratua egin, diru-laguntza eskuratu eta lan handienak eginda zituztenean, Udalera jo zuten proiektua aurkeztera. Elgoibarko Udalak Paisaia proiektuaren barruan sartu du proiektua orain, eta ondo bidean datorren urtean hasiko dituzte lanak. “Jabeekin hitz eginda dago dena, eta hil honen azken aldera botako dituzte pinuak. Eta bestelako lanak datorren urtean hasiko dituzte. Ez duguna nahi da Moru pinadi barruan hondatzen lagatzea, harresiaren zati bat apurtu da-eta dagoeneko”, azaldu dute Aitzol Arriola eta Iñaki Laskurain Morkaikoko zuzendaritzakideek. Hain zuzen, datorren egueneko batzarrean izendatuko dute presidente Laskurain. Lau hektareako saila erostekoa du Udalak, Elgoibarrerako magala eta tontorra, eta etorkizunean, Elgoibarrerako mendi magalean, umeekin arbolak sartu nahiko lituzkete eta tontor aldea garbitu eta zelai utzi. Arkeologia lanak ondoren egingo lituzkete. Abuztuan ibili da Udalak kontratatutako arkeologia talde bat zundaketak egiten, eta Morkaikoko lagun bat ere ibili da lan horiek jarraitzen, baina ikusteko dago zer azaleratuko duten indusketa lanek. “Topatzen dutenaren arabera erabakiko da gero zer egin, panelak jarri, parke bat egin edo zer, baina nolanahi ere, Morkaikoren helburua beteta egongo da ordurako”, nabarmendu dute.
♦ Erreportaje osoa BARREN aldizkarian (1051. zenb. -PDF-)