Euskarazko zineaz zein antzerkiaz gozatzeko aukera izango da datorren asteburuan Elgoibarren. Batetik, zapatutik astelehenera, Handia filma emango dute Herriko Antzokian. Film hau euskarazkoa da, eta saio guztietan gaztelaniazko azpidatziekin ikusi ahalko da, zapatuan, 22:15ean, emango den saioan izan ezik; filma euskaraz emango dute azpidatzirik gabe. Altzoko Handia ezizenez ezaguna zen Migel Joakin Eleizegiren (1818-1861) benetako historian oinarritu dira Aitor Arregi eta Jon Garaño filmeko zuzendariak
• Haritzeko dantzarien parte hartzea
Donostiako 65. Zinemaldian izandako arrakastaren ostean, Handia filma urriaren 20an ailegatu zen Euskal Herriko zinemetara. Haritz dantza taldeko kideek ere izan dute parte hartze txiki bat pelikula honen errodajean. Izan ere, ezteien eszenan, bazkalosteko dantzaldian parte hartu zuten Argia, Kezka, Haritz eta Duguna dantza taldeetako zenbait dantzarik eta musikarik dantzan.eus-ek koordinatuta. 1847. urte inguruan kokatzen da eszena, eta beraz, garai hartako ezaugarriak kontuan hartu zituzten xehetasun txikienetan ere. Doinuak, dantzak, dantzakera, janzkera, musikarien tresnak... Beizamako Lete baserrian grabatu zuten.
• Alizia lurralde miresgarrian domekan, Herriko Antzokian
Lewis Carrolen Alizia lurralde miresgarrian ipuinaren haur antzerkirako moldaketa aurkeztuko du Glu Glu antzerki taldeak domekan, Herriko Antzokian. Ipuin klasikotik abiatuta ikastearen beharraz arituko da antzezlana. Kantu eta dantzekin girotuta, Aliziak hainbat pertsonaia xelebre eta dibertigarri ezagutuko ditu, eta horiei esker konturatuko da, eskolan erakusten dioten bezala, matematika, elikadura eta hizkuntzak ikastea sekulako onurak ematen dizkigula. 16:30ean hasiko da emanaldia.