Euskal Herriko Artzai Gazta Txapelketa irabazi du Mausitxak

Barren.eus 2017ko urr. 30a, 08:48

Elgoibarko Mausitxa gaztandegiak irabazi du Euskal Herriko 34. Artzai Gazta Txapelketa.

Azken hilabeteetan Agurainen, Axpen, Legazpin eta Uharte Arakilen ospatutako Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako txapelketetan sailkatu diren 40 gaztandegi onenek hartu zuten parte Idiazabalen jokatu den Euskal Herriko XXXIV. Artzai Gazta Txapelketan, joan den zapatuan. Epaimahaiak Mausitxak aurkeztutako gazta saritu zuen lehen sariarekin. Txapelketara aurkeztutakoa “gazta oso ekilibratua” izan dela adierazi dute Mausitxakoek (ikus Jesus Ansolaren eta Rosa Salegiren adierazpenak eitb.eus-en). Duela 12 urte ere eskuratu zuen garaikur hau Mausitxak. Txapela eta 1.000 kilo pentsutan saria jaso dute saritzat.

Lekarozko 'Kortaria' (Nafarroa) eta Larreako Patxi Lopez de Uralde (Araba) sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.

Gaur ere beste garaikur bat eskuratzeko aukera izango du Mausitxako gaztak, Gernika-Lumoko Urriko Azken Asteleheneko nekazaritza azoka entzutetsuaren barruan gazta lehiaketa ere egiten baitute, eta ez edonolakoa, gazta lehiaketa garrantzitsuena baita Ordiziakoarekin batera. 2015ean Mausitxak irabazi zuen Gernikako lehiaketa.

Joan den urriaren 18an bigarren postua lortu zuen Mausitxak Ordizia Txapeldun gazta lehiaketan, hain zuzen ere, Ordiziako gazta txapelketan, irailean, lortu zuen postu berbera.