Olentzeroren etxera familia bisita antolatu dute abenduaren 16rako

Barren.eus 2017ko urr. 31a, 11:40

Izenaduba basoan (Mungia) dagoen Olentzeroren etxera familia irteera antolatu dute Atxutxiamaikaren Kiribilduz egitasmoak eta Ludotekak, Udalarekin lankidetzan. Abenduaren 16an izango da.

Hizkuntzaren familia transmisioan eragiteko asmoz, familia irteera antolatu dute Olentzeroren etxera. Egun osoko irteera izango da. Goizean herri kiroletan arituko dira, eta bazkal ostean Olentzeroren etxea bisitatuko dute. Bertaratzen direnek, Olentzero eta bere etxean bizi diren pertsonai mitologikoak ezagutzeko aukera izango dute. 

Goizeko 10:00etan irtengo da autobusa Txankakuako geltokitik, eta 18:00etarako itzuliko dira. Norberak bere bazkaria eta merienda eraman beharko ditu, eta antolatzaileek gomendatu dute erropa erosoekin joatea. Prezioa 12 eurokoa izango da (Elgoibarko Izarrako eta Ludotekako bazkideentzako 10 euro). Era berean, 3 urtetik beherako umeek ez daukate ordaindu beharrik. Interesatuek azaroaren 6tik 10era bitartean eman beharko dute izena, Elgoibarko Izarraren bulegoan edo Ludotekan. Izenematea behin betikoa izan dadin, izenemate fitxa beteta eta ordainketa eginda egon beharko dira. Ordainketa izena ematen den unean bertan egin beharko da esku dirutan. Antolatzaileek jakinarazi dute plazak mugatuak direla eta pertsona bakoitzak familia bakar baten izenematea egin ahal izango duela. 

Informazio gehiagorako Elgoibarko Izarrara (943 741 626) edo Ludotekara (943 748 883) deitu daiteke. 

image