Euskaldunon Egunkaria-k eta BERRIAk genero gaietan zer eragin izan duten ikertzeko, Martin Ugalde bekaren deialdia egin zuten maiatzean Berria fundazioak, Elkar fundazioak, Jakin-ek eta Martin Ugalde kultur parkeak. Bost proiektu aurkeztu zituzten beka deialdira—epaimahaiaren arabera, guztiak "maila onekoak"—, eta irabazleak Kattalin Miner Perez, Maddi Altuna Galfarsoro eta Danele Sarriugarte Mochales ikerlariak izan dira. Atzo jaso zuten beka, Andoainen, Martin Ugalde kultur parkean.
Irabazleek urte bateko epea dute lan amaitua antolatzaileei bidaltzeko. Hiru ardatz izango dituen ikerketa garatuko dutela jakinarazi zuten atzoko ekitaldian. "Batetik, genero ikuspegiak egunkariotan izandako ibilbidea aztertuko dugu kazetaritza ikuspegitik eta genero gaien trataeragatik. Azpimarra berezia egingo dugu irakurleengan izan duen eraginean", azaldu zuen Kattalin Minerrek. Ikerlarien iritziz, Berriak lan berezia egin du lanketa feminista gizarteratzen. "Halaber, mugimendu feministak eta beste hartzaile batzuek bilakaera hori nola ikusi duten aztertuko dugu".
Ikus-entzunezko lan batean bilduko dute ikerketa. "Xedeetako bat da eginiko gogoetak zabaltzea, eta, gaur egun, ikus-entzunezkoak aukera handiagoa ematen digu", azaldu zuen Minerrek hiru ikerlarien izenean.
Ikerketan garrantzi berezia emango diote indarkeria matxistaren trataerari. "Ikusi dugu Berria erreferentea izan dela trataeran eta baita ematen zaion garrantzian ere. Lehenengoak dira indarkeria matxistarekin lotura duten albisteak argitaratzen, eta kode deontologiko feminista bati jarraitzen diote, gainera".
Informazio osoagoa eta beka emateko ekitaldiaren bideoa berria.eus webgunean