Espainiako Elikagaien Bankuen Federazioak, FESBALek, aldatu egin du urtero egiten duten janari bilketa erraldoiaren data. Aurtengoa, egiten duten bosgarrena, abenduaren 1ean eta 2an izango dela jakinarazi dute -Elgoibarren joan den maiatzean egin zuten azken bilketa-.
Honenbestez, Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Gizarteratze Mahaia osatzen duten elkarte eta erakundeek, herritarrak animatu nahi dituzte, abenduaren 1 eta 2an Gipuzkoako Elikagaien Bankuak egingo duen Elikagai Bilketa Erraldoian parte hartzera. Era berean, janari bilketan boluntario aritzeko lagunak behar dituztela jakinarazi dute; eta zehaztu dute lehen baitlehen izena ematea komeni dela, txandak egiteko ordutegiak eta saltokiak boluntario kopuruaren arabera antolatuko dituztela-eta.
Janari bilketa egingo duten bi egunetan 9:00etatik 21:30etara arteko ordutegi etengabea betetzeko lagunak behar dituzte. Boluntarioak txandetan banatuta arituko dira. Boluntario lanak egiten lagundu nahi dutenek Elgoibarko Udalaren Gizarte Ongizate Sailari jakinarazi behar diote. Horretarako, Ongizate Sailera bertaratu edo 943.74.10.08 telefono zenbakira deitu beharko dute; erakunde hori baita Elgoibarko hitzordua koordinatu eta kudeatuko duena.
Txaleko bereizgarriak jantzita, merkataritza-gunean sartzen direnei bonu bat ematea izango da boluntarioen eginbeharra, edo bestela, poltsa bat eskaini eta poltsa janariarekin bueltatzera gonbidatuko dituzte bezeroak. Ondoren, poltsak jaso eta dohaintzan emandakoa propio prestatutako enbalajeetan jarriko dute. Elgoibarren, 2014 urtetik hona, adingabeekin batera parte har daiteke elikagaien bilketan, betiere, pertsona horiek "balioetan hezteko" helburuarekin.
• Elgoibarren batutako janari kopuruak:
Elgoibarren jasotzen diren elikagaiak Gipuzkoako Elikagai Bankuak Bergaran duen egoitzara eramango dira. Bertatik, gure zonaldean behar duten familien artean banatuko da bildutakoa.
Elikagai Bankura jotzen duten familien kopuruak goranzko joera du. Urtetik urtera pertsona gehiagorengana iristeko beharra dagoela ohartarazi du Elgoibarko Gizarteratze Mahaiak.
- 2013an 6.565 Kg elikagai bildu ziren.
- 2014an 9.980 Kg elikagai bildu ziren.
- 2015ean 16.550 Kg elikagai bildu ziren.
- 2016an 12.524 Kg elikagai bildu ziren eta 2.583€ bonotan.
- 2017an 3.50 kilo elikagai bildu zituzten
∞Lotura duten albisteak:
- Hiru tona janari batu ditu Elgoibarko Gizarteratze Mahaiak (2017-05-31)
- Elgoibarren eginiko janari bilketan 13.124 kilo elikagai batu zituzten (2016-12-10)
- 16.550 kilo elikagai batu dira aurten, aurreko bi urteetan batutako guztia beste (2015-12-03)
- Ehun boluntariok baino gehiagok parte hartuko dute Elgoibarko elikagaien bilketan (2015-11-26)