Izan ere, sarri -gehiegitan- termino orokorretan hitz egiten da halakotan, indarkeria generikoaz, eta horrek emakume izatearen eta emakume adinekoa izatearen arteko lotura ikustarazteko zailtasunak sortzen ditu.
Emakumeen kontrako indarkeria estrukturala da, eta indarkeria horren adierazpenak asko dira: eraso fisikoak, irainak, kontrol ekonomikoa eta bestelako mendekotasunak. Baina emakume izateari adinekoa izatea gehitzen zaionean, biktima izateko arriskua bera handiagotu egiten da. Batetik, zahartzaroaren gaineko aurreiritziengatik, eta bestetik, indarkeria hori egiturazko beste indarkeria batzuekin gurutzaten delako. Izan ere, ez dugu ahaztu behar pobrezia-maila bera nabarmen handiagoa dela emakume adinekoen artean. Hala nabarmendu du Bittori Zabala Berdintasun Saileko zinegotziak. Era berean, Izaskun Sologaistua Sortzen Aholkularitzako Teknikariak ohartarazi du biktimek eurek ere zailtasunak izaten dituztela sarri biktima diren kontzientzia hartzeko, besteak beste oso patroi matxistetan hezi direlako. Horrek ikusezin egiten du indarkeria matxista hori, eta emakumeek ez ezik emakume horiek tratatzen dituzten profesionalek eurek ere zailtasunak izaten dituzte emakume horiei behar duten laguntza eskaintzeko. Mina, baina, hor dago, eta horri buruz gogoeta egin nahi dute azaroaren 22ko jardunaldietan. Egun osoko egitaraua osatu dute. Goizeko saioa (9:15-13:30), profesionalei zuzenduta dago berez, baina interesa duen orok dauka joateko aukera. Hori bai, lekua mugatua denez, goizeko saioan parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman behar dute izena, ondorengo estekan: http://goo.gl/oPkVzp. Arratsaldeko saioak gehiago dira herritarrei begira antolatutakoak (18:00etatik atzera), eta Udalak parte hartzera deitu diete herritarrei. Inazio Bereziartua Musika Eskolako auditoriumean egingo dira saioak, eta hauxe duzue egitaraua.
- 9:15 Izena emateak
- 9:30: Irekiera: Ane Beitia alkatearen hitzak
- 9:30: Aurkezpena: Izaskun Sologaistua, Sortzen Aholkularitzako Teknikaria
- 10:00: 'Violencia machista en mujeres mayores: análisis del problema y propuestas de actuación". Agora taldeko koordinatzaile Marisa Rebolledo izango da hizlaria.
- 11:30: Atsedenaldia
- 12:00 Mahaingurua Jesus Goienetxea Vidal gizarte hezitzailearekin eta Mentxu Hernando Agintzari SCISeko kidearekin.
- 13:30. Klownklusioak. Trokolo antzerki taldekoekin.
- Arratsaldeko saioa 18:00etan hasiko da. Ane Beitia alkateak eta Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendariak egingo dute aurkezpena.
- 18:10. Hitzaldia. Marisa Rebolledok. "Ikusezinak eta ahaztuak"
- 19.15: Klownklusioak. Trokolo antzerki taldekoekin.