Azken urteetako ohiturari jarraituz, Elgoibar Ikastolako ikasle eta irakasleek kalejira egin dute goizean, Santa Zezilia Eguna dela-eta. 8:30ean batu dira Kalegoen plazan, eta musika instrumentuak joz eta kantuan egin dute ikastolara arteko bidea.
Mendaroko Ameikutz musika eskolak eta herriko dantza taldeak Zezili Donea Musikalean jaialdia eskaini zuten atzo, Goñati pilotalekuan. Musika eta dantza uztartu zituzten ikuskizunean. Ekitaldiaren amaieran, azken bi urteetan Ameikutzeko zuzendaria izan den Ion Garmendiari aitortza egin zioten egindako lanagatik, badoala jakinarazi baitu. Eskerrak eman zizkioten eta zorte ona opa bere ibilbidean.