2018ko urtarrilaren 14an izango da Nazioarteko Mugertza Krosaren hurrengo edizioa, eta egun horretan 75 urte beteko ditu krosak. 75 urte hauetan gertatu den guztia gogora ekarri eta urteurrena ospatzeko lanean ari da Mintxeta Atletismo Taldea, eta urteurren ospakizunez arduratuko den lantaldea ere sortu zuten. Lantalde horretako ordezkariek prentsaurrekoan azaldu dituzte, gaur, datozen hilabeteetarako prestatu dituzten ekitaldi nagusiak. Elgoibarko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatuko dituzte.
• Txapeldunen topaleku
Ekitaldirik azpimarragarriena urtarrilaren 12rako antolatu duten Juan Muguerza 75 urte Gala ekitaldia izango dela esan dute. "Krosa irabazi duten txapeldun handienak gonbidatu ditugu atletismoaren jai horretan parte hartzera. Etorriko direla baieztatu digute Munduko kros txapeldun izandako Jhon Ngugi keniarrak, Mike McLeod-ek, Mariano Harok, Antonio Serranok, Antonio Prietok, Juan Carlos de la Ossak, lehen emakumezko irabazleak; Coro Fuentes, Ana Isabel Alonsok edo Carmen Valerok, besteak beste. John Brown, Julia Vaquero, Fernanda Ribeiro, Amelia Lorza edo Ezequiel Canario moduko atletak ere gonbidatuta daude, oraindik haien erantzunaren zain bagaude ere", azaldu du Zigor Diezek. Txapeldun handi horiei omenaldia egin eta krosaren izena munduan zabaltzen laguntzeagatik eskerrak emango dizkiete urtarrilaren 12an, barixakua, Herriko Antzokian egingo duten ekitaldian. Nostalgia eta emozioz beteriko ekitaldia izango da. "Gala honen bitartez, eskerrak emango dizkiogu Elgoibarko herriari 75 urte hauek betetzen laguntzeagatik". 75 urte hauei buruzko dokumental baten aurrerapena ere eskainiko dute Herriko Antzokiko zuine pantailan, Euskal Telebistarekin elkarlanean egiten ari direna, eta horretaz gain, Elgoibarko Musika Eskolako saxofoi taldeak girotuko du ekitaldia. Galaren biharamunean, krosa jokatu bezperan, umeentzako atletismo jaia prestatu du Mintxetak, Danobat enpresaren laguntzaz. Zapatu goizean izango da. Gero, iluntzean, krosean parte hartuko duten korrikalariei ongi-etorri ofiziala egingo diete Elgoibarko udaletxean.
• Edu Arrillagak egindako liburua
Edu Arrillaga argazkilari elgoibartarrak Mugertza krosaren inguruan egin duen libyrua urtarrilaren hasieran aurkeztuko dute. Azken bost urte inguruan aritu da Arrillaga liburu hori osatzeko lanean. Liburua aurkeztearekin batera argazki erakusketa bat ere jarriko dute ikusgai, Arrillaga beraren aukeratutako argazkiekin eta zaharragoak diren argazki historikoekin.
• Filatelia erakusketan
Altzolatarren Dorretxea Filatelia Elkarteak San Anton jaiaen bueltan antolatzen duen filatelia erakusketan ere izango du lekua Mugertza krosaren 75. urteurrenak. Mugertza krosari eta Morkaiko Mendi Taldeari eskainia izango da aurtengo edizioa, biek 75 urte bete dituztela ospatzeko. Era berean, Aguas Insalus enpresak eta Viña Pomal upategiak ere bat egin dute urteurrenarekin, eta botila bereziak kaleratu dituzte 75. urteurrenaren irudiarekin.
• Kros antolatzaileen jaia Elgoibarren
Espainiako Kros antolatzaileen Elkarteak, ANOC elkarteak, urtero antolatzen duen jaialdia Elgoibarren egingo du datorren urtean, apirilaren erdi aldera. "Urtero leku desberdin batean egiten dute eta aurten Elgoibarren egiteko eskatu genien", esan du Zigor Diezek.
Gaur eskaini duten prentsaurrekoan Jairo Berbel elgoibartarrak egin duen bideo labur bat ere eskaini dute. Abenduaren 22tik aurrera Interneten zabalduko dutela azaldu du Diezek.
• Azken urteetako irabazleak 75. edizioan
Kirol lehiari dagokionez, azken urteetan Mugertza krosa irabazi duten antxitxikariak, gizon zein emakumeak, elkarren aurka lehiatzen ikustea gustatuko litzaieke antolatzaileei 75. Mugerza Krosean. "Ari gara ahaleginetan, baina burua galdu gabe, badakigu eta gure aurrekontua mugatua dela. Ez dugu Mo Farah ekarriko, inor hura ekartzeko behar den dirua ordaintzeko prest ez baldin bada behintzat, baina azken urteetan Elgoibarren irabazi duten atletak ekartzen ahaleginduko gara", adierazi du Diezek.
• IAAF izendapena
Juan Muguerza krosak sasoi betean egingo dituela 75 urteak gaineratu du. "Espainiako kros egutegiko krosik antzinakoena izateaz gain, gaur egun, Euskadiko hoberena delako. Hori ospatzeko, IAAF izendapena izango du, mota honetako ekitaldi batek, munduko atletismoaren erreferente denak, lor dezakeen kategoriarik gorenena. Historian zehar, Elgoibarren parte hartu duten atletek 456 domina lortu dituzte Joko Olinpiarretan eta Munduko eta Europako Txapelketetan, 46 herrialderen ordezkari gisa".