Deban eta Mutrikun ipinita daude edukiontzi grisak, eta horiekin lortu dituzten emaitzek (%55’49 Deban eta %58’98 Mutrikun) edukiontzien bidezko gaikako bilketa-sistemaren erabilerari babesa ematen diotela adierazi du Arcadio Benitez Debabarrenako Mankomunitateko presidenteak. 2017ko irailera arteko birziklapen datuak eskuan, “positibotzat” jo zituen emaitzak Benitezek: gure eskualdean hondakinen %48’45 birziklatzen dira. Hala ere, emaitza hobeak lortzeko herritarrak sentsibilizatzen jarraitu beharra dagoela gaineratu zuen Mankomunitateko presidenteak datuen berri emateko eginiko prentsaurreko agerraldian.
• Elgoibarren eta Mendaron urtarrilean
Mankomunitateak 390.190 euroko inbertsioa aurreikusi du Debabarrenean 328 edukiontzi berri ezartzeko: errefusa edo hondakin ezbirziklagarrietarako edukiontzi grisak edukiontzi berdea ordeztuko du. Elgoibarren 2018ko urtarrilaren 8tik 18ra bitartean jarriko dituzte edukiontzi grisak. Mendaron ere urte hasieran jarriko dituzte, urtarrilaren 25etik 30era bitartean, hain zuzen ere.
•Txartel bidez zabaltzeko sistema
Edukiontzi berriek txartel bidez zabaltzeko sistema darabilte eta, txartelak duen txipari esker, erabilera eta parte-hartzea kontrolatuko dituzte. Zerbitzu berriaren inguruko azalpenak emateko informazio-kanpaina egingo dutela aurreratu dute. Batetik, hondakin organikoetarako edukiontzi marroia erabiltzen duten herritarrei gutuna bidaliko zaie etxera gaikako bilketari buruzko informazioarekin eta organikoaren bilketan izena emanda ez dauden herritarrei, berriz, “gaikako bilketan parte hartzeko behar diren material guztiak jasotzeko” gonbidapena egingo diegu. Gainera, herri bakoitzak bulego bat izango du, jendeari astelehenetik ostiralera eta larunbatetan ere arreta eskaintzeko. Bulego horietan, edukiontziak irekitzeko txartel pertsonalizatuak hautatzeko eta gainerako materialak jasotzeko aukera izango da; besteak beste: aireztatutako ontzia, poltsa konpostagarriak eta informazio-liburuxka. Kanpainaren barruan, doako telefono zenbaki bat (900 10 49 23) ere ipini dute martxan, zalantzak argitzeko.