Aritza Monasteriok bide berria ireki du Nevado Hualcan mendian, Peruko Andeetan

Barren.eus 2017ko aza. 28a, 12:11

Aritza Monasterio elgoibartarrak eta Alik Berg kanadarrak 1.000 metroko bide berria ireki dute Peruko Nevado Hualcan (6.125 metro) mendiaren ipar horman. Nadie sabe nada (ED1, M6, 85º, VI) izena jarri diote zabaldu duten bide berriari.

Peruko Mendikate Zurian inork igo gabeko hormatzarra igo du Perun bizi den Aritza Monasterio andinista elgoibartarrak, Alik Berg kanadarra sokalagun zuela. Joan den uztailean egin zuten igoera, eta Nadie sabe nada deitu zioten bide berriari.
Nevado Hualcan (6.125 m) mendiko ipar hormaren balizko lehen igoera egin zuten bi mendizaleek. 1.000 metro luzeko bidea ireki zuten, konpromiso eta zailtasun tekniko handikoa: ED1, M6, 85°, VI.
Gainera, ipar horma igo ondoren, hego isuritik jaitsi ziren; hau da, mendiaren zeharkaldi integrala egin zuten. Estilo andinoan egin zutela zehaztu du Monasteriok, alegia, oso arin joateaz gainera, besteak beste, ez zuten mandazainen laguntzarik izan eta ez zuten sakelako telefonorik edo satelite telefonorik erabili. Sei eguneko jarduera bat izan zen, eta den-dena bizkar-zakuetan eraman zuten.
Aritza Monasteriok duela hamaika urte ikusi zuen estreinakoz Hualcan mendian udan igo zuten horma, eta harrezgero begiz jota zuen. Izan ere, Hualcanen ipar horma Mendikate Zurian igo gabe zegoen azken erronketako bat zen. Oso urrun eta bakartua dago, eta mendi handia da. Horrek guztiak asko erakarri zuen Monasterio.

• Eskalada zaila eta arriskutsua
Eguraldia lagun izan bazuten ere, Monasteriok onartu du hormaren oinarrira heltzea zaila izan zela oso; besteak beste, glaziarra oso puskatuta zegoelako: "Cordillera Blancako glaziarrak atzera egiten ari dira, eta horrek hurbilketak korapilatzen ditu. Eskaladari dagokionez, zaila eta arriskutsua izan zen. Alabaina, goialdeko mistoko tartea ez zen hain gogor eta arriskutsua izan. Paretan eginiko bibaka erosoa izan zen, baina lan eskerga egin behar izan genuen erlaitz bat antolatzen denda altxatu ahal izateko. Gau osoa soka gerrira lotuta izan genuen. Tenperatura asko jaitsi zen, eta, gainera, garaiera handira geunden".
Peruko Andeetan, mendi-gidari lanetan (www.andinista-adventures.com) aritzen da Aritza Monasterio, 1993tik bizi baita Huarazen. Han Alberque Andinista aterpetxea kudeatzen du. Mendikate Zurian mendi gidaria izateaz gain, makina bat eskalada eta bide berri ireki dituz urteotan Alpamayon, Chacrarajun, Taullirajun, Siula Granden, Trapecion... eta beste hainbat menditan. (*iturria: naiz.eus)

Informazio osoagoa eta argazkiak: andesinfoplus.blogspot.com.es

Lotura duten albisteak:

monasterio aritza hualcan carane linea aritza monasterio

 monasterio aritza gailurra hualcan alik berg elgoibar izotzetan

monasterio aritza hualcan izotza elgoibar alik berg

monasterio aritza hualcan mixtoa berg aritzamonasterio elgoibarjpg

monasterio aritza gailurra hualcan alik berg