Eskubaloi Kopako Lauko Finala Elgoibarren jokatuko da abenduaren 22an eta 23an

Barren.eus 2017ko abe. 13a, 14:42

Emakumezkoen Euskadiko eskubaloi Kopa Euskal Herriko emakumezkoen eskubaloi talde onenek jokatzen duten txapelketa da. Aurtengo Lauko Finalera ailegatu diren lau taldeek (Bera Bera, Zuazo, Kukullaga eta San Adrian) Elgoibarko Olaizaga kiroldegian neurtuko dituzte indarrak abenduaren 22an eta 23an.

Elgoibarko Udaleko Berdintasun Sailak, Kirol Patronatuak, Sanlo eskubaloi taldeak eta Euskadiko Eskubaloi Federazioak antolatuta, Olaizaga Kiroldegian jokatuko da Emakumezkoen Euskadi Eskubaloi Kopa, abenduaren 22an eta 23an. 

Espainiako Ohorezko Senior Mailan jokatzen duten Bera Bera eta Zuazo taldeak eta Zilarrezko Ohorezko Mailan jokatzen duten Kukullaga eta San Adrian taldeek parte hartuko dute Elgoibarko Lauko Finalean. Abenduaren 22an Zuazok San Adrainen aurka jokatuko du, 17:30ean; eta, bigarren partidan, Bera-Berak eta Kukullagak jokatuko dute elkarren aurka, 19:30ean.
Finala abenduaren 23an izango da, 18:00etan.
Bera-Bera Donostiako eskubaloi taldea da txapelketa honetako dominatzaile nagusia. Zazpi alditan (2009, 2011, 2012, 2014, 2015, 2016 eta 2017an) irabazi du 2009tik antolatzen duten txapelketa, azken laurak jarraian. Azken hiru edizioetan Zuazo taldeari irabazi dio finala. Hain zuzen ere, Zuazo (2010ean) eta Kukullaga (2013an) dira txapelketa hau irabazi duten beste bi taldeak.

•Kiroldegiko harmailak betetzeko deia
Emakumeen goi mailako eskubaloia bertatik bertara ikusteko aukera paregabea dela nabarmendu dute antolatzaileek txapelketa aurkezteko Elgoibarko udaletxean egin duten agerraldian, eta kiroldegia betetzera deitu dituzte zaleak eta herritarrak. Lauko Finalera iritsi diren lau taldeetako ordezkariek, Euskadiko Eskubaloi Federazioko presidente Jose Manuel Ruizek, Sanloko presidente Aitor Urainek eta Elgoibarko alkate Ane Beitia izan dira gaurko aurkezpenean, besteak beste.

eskubaloia euskadi kopa elgoibar aurkezpena

Emakumezkoen Euskadiko Kopa kartela elgoibar