2017ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa bigarrenez irabazi berri duen Maialen Lujanbio Zugasti izango da Elgoibarko Eguberrietako bertso-jaialdian abestuko duten bost bertsolarietako bat. Bertsolari Txapelketaren ostean bertso egarriz segitzen duten lagunak asetzeko aukera aproposa izango da
Abenduaren 28an izango da aurtengo bertso-jaialdia, Olaizaga kiroldegian (22:00).
Salmenta ondo doan arren, oraindik badaudela sarrerak salgai jakinarazi dute Elgoibarko Izarratik. Abenduaren 22ra arte egongo dira salgai. Elgoibarko Izarrak Ubitarten duen egoitzan eros daitezke aipaturiko epean, eta, ondoren, sarrerarik geratzen bada, egunean bertan kiroldegian jarriko dituzte salgai. Sarreren prezioa 11 eurokoa da (Elgoibarko Izarrako bazkideek, 10 euro).