Elgoibarko Izarraren Tonbola opariz gainezka egongo da domekan

Barren.eus 2017ko abe. 21a, 08:35

Olentzero berari konpetentzia egingo dio abenduaren 24an Elgoibarko Izarraren aldeko Tonbolak. Boletoak euro batean jarriko dituzte salgai, eta denetariko opariak eskuratu ahal izango dira: bizikleta, telebista, jantziak, jateko produktuak, kirolerako materiala... 1.350 erregalu baino gehiago batu dituzte.

Herriko elkarte, merkatari, taberna, jatetxe eta norbanakoek emandako opariekin prestatu du tonbola Elgoibarko Izarrak. Erakunde publikoen diru-laguntza jasotzen du kultur elkarteak, baina elkartea ekonomikoki bideragarri egiteko erronkari aurre egiteko autofinantzaketa sustatu nahi dute, eta beste hainbat ekintzen artean, Tonbola jarri dute azken lau urteetan Kalegoen plazan. (ikus hemen iaz sarituak izan ziren lagunen argazkiak)

Domekan (abenduak 24), 11:00etatik aurrera salduko dituzte boletoak, eta lautik batek saria izango du. Tonbolaren amaieran telebista baten zozketa egingo dute. 
Tonbolarekin batera, txosna ere jarriko du elkarteak Kalegoen plazan bertan. Edanaz gain, taloak eta txorizo egosiak ere salduko dituzte.

elgoibar izarra abenduak24 taloak 2015

tonbola elgoibar izarra 2016