"Elgoibarko triatleta asko bere kabuz zebilen probetan parte hartzen, eta elkarri laguntzeko talde baten babesean hobeto moldatu gintezkeela ikusi genuen", azaldu dute Mikel Gurrutxagak eta Iñaki Gabilondok, lagunak eta 21 urtekoak biak. Elgoibarren triatloi talderik ez zegoela-eta, Gabilondo Azkoitiko taldearekin aritu da probetan parte hartzen, eta Soin Hezkuntza (SHEE-IVEF) ikasten diharduen Gurrutxaga berriz, orain arte futbolean aritu bada ere, triatloian saiatzeko gogoa dauka.
Bi lagunak batekin eta bestearekin berbetan hasi eta hogei lagun inguru batu dituzte sortu duten Elgoibarko Triatloi Taldera, denak gizonezkoak. Herriko triatloi zale guztiak batu nahi dituzte baina taldera, "23 urtez azpiko gazteak eta emakumeak bereziki", eta eurekin harremanetan jartzera animatu dituzte. "Taldeko kide izateko ez dago kirol maila handia eduki beharrik, eta beste kirolen batean federatuta egotea ere ez da arazoa. Mendiko lasterketetan dabiltzan lagunak zein igeriketako masterrean ibilitakoak ere batu zaizkigu. Jendeak triatloiarekin gozatzea nahi dugu eta triatloietan hasteko gogoz daudenak pauso hori gurekin ematera animatu nahi ditugu", azaldu dute. Era berean, dagoeneko badihardutenentzat taldea lagungarria izango dela uste dute, "kirol garestia delako, besteak beste".
Elgoibarren duatloiren bat antolatzea ere gustatuko litzaieke, triatloi bat zailagoa dela azaldu dute, nahiz eta aurten goizegi den oraindik.
Taldeko jantziak ateratzeko asmoa dute eta babesle bila ere badabiltza. Taldera batu nahi dutenek Facebook eta Instagram sare sozialetan dituzten kontuen bidez jarri daitezke beraiekin harremanetan. Baita ere elgoibarkotriatloitaldea@gmail.com helbidera idatzita edo 688 871 328 telefonora deituta ere. Aurki webgunea sareratzeko asmoa dute.