"Aurrerapausoa da jakitea ze faktorek eragiten duten planktoraren sakabanaketan, funtsezkoa baita jakiteko aldaketa klimatikoak nola eragingo duen itsas ekosistemen funtzionamenduan", dio Arrantzuarekiko Zientzia eta Teknologia Iraskundea AZTIko ikertzaile Ernesto Villarinok. Klima aldaketak ozeanoetan nola eragiten duen jakiteko ikertu dute planktona eta orain arte ikertutakoaren emaitza Nature Communications aldizkarian argitaratu dute 'Large-scale ocean connectivity and planktonic body size' izeneko artikuluan. Villarinoren esanetan artikulua "giltzarria" da itsasoko biodibertsitatea ulertzeko. Izan ere, planktonaren tamaina bere sakabanaketa eta banaketa globalerako gakoa dela frogatzea lortu dute ikerketan.
Aurkikuntza garrantzitsua dela nabarmendu du Villarinok, planktona itsasoko elikadura katearen oinarria baita, arnasten dugun oxigenoaren %50 sortzen baitu; eta, aldi berean, atmosferatik karbono dioxidoa urperatzen baitu, era horretan klima erregulatuz. Funtzio horiek planktona osatzen duten espezieen banaketaren eta organismoen tamainaren araberakoak dira.
Beste hainbat aditurekin batera, Malaspina 2010 espedizio ozeanografikoaren datuak baliatu dituzte ikerketarako.