Kepa Urainek German Uriguen Etxegiñari hartu zion lekukoa 1980an, eta aurten arte bera izan da Etxegiña taldeko koplari nagusia. 79 urte ditu eta nahikoa dela esan du BARRENi eskaini zion elkarrizketan azaldu zuen moduan. Joan den zapatuan, baina, berak gidatu zuen Etxegiñako taldea, euripean egin zuten santa eskean. Kale eta auzoak koplatu eta Errosarioko Amabirjinaren aurrean salbea abestu ostean, ohikoa duten moduan, Baltasar elkartera joan ziren bazkaltzera Etxegiña taldeko lagunak. Han, omenaldi beroa jaso zuen Urainek. Jon Peli Uriguenek, German Uriguen Etxegiñaren ilobak, bere omenez idatzitako bertsoak abestu zizkion Kepa Uraini. Senide batek aurreskua ere dantzatu zion eta opariak ere jaso zituen, ordulari bat eta Jon Peli Uriguenek abestu zizkion bertsoak koadro batean idatziak, besteak beste.