Iratxe Osoro: "Anorexia duten gehienak besteez arduratzen diren emakumeak dira"

Barren.eus 2018ko ots. 8a, 15:36

Arrazoi pertsonalak eta sozialak tarteko animatu da Iratxe Osoro elgoibartarra jendaurrean anorexiaz berba egitera: batetik, fase bati agur esateko, eta bestetik, gaiaren inguruko isiltasuna hausteko. Argian argitaratu dute Danele Sarriugarte elgoibartarrari eskaini dion elkarrizketa.

Iratxe Osoro Vitores (1989, Elgoibar) Gizarte-hezkuntzan diplomatua da eta beste hainbat master eta ikasketa egin ditu alor horretan, hala nola droga-menpekotasunari eta beste menpekotasun batzuei buruzko masterra eta sexu-heziketari eta familia esku-hartzeari buruzko ikasketak. Gaur egun, gizarte hezitzaile dabil, behar bereziak dituzten pertsonekin. 

Etapa berriak hasteko beharrezkoa dela aurrekoari agur esatea uste du Iratxe Osorok eta, hala, Danele Sarriugarte lagunarengana jo zuen. "Kazetaria baino zerbait gehiago bazara, eta uste dut laguna izanda errazagoa izan zela pausoa ematea: konfiantza daukagu, askotan egin dugu berba gai honen inguruan eta, bueno, momentua iritsi zen. Napoka Iria taldearen agur-kontzertura joan ginenean konturatu nintzen etapa berriak hasteko beharrezkoa dela aurrekoari agur esatea. Inflexio-puntu bat izan zen: erabaki nuen anorexiari agur esatea elkarrizketa baten bitartez", dio Osorok Argiak argitaratu duen elkarrizketako lehen erantzunean.