Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Marisol Garmendia sozialistak jakitera eman duenez, 2018rako, 5 milioi euro izango dira bidegorri eta bizikletaren sustapenera bideratuko dituztenak, 2017an baliatutako 2,3 milioien aldean. Gorakada hori tarte berriak eraikitzeko baliatuko du Aldundiak, besteak beste, Jaizubia-Amute, Lezo-Pasai Donibane (2. fasea) eta Eibar-Maltzaga. Eibartik Maltzagara egingo duten bidegorrirako aurrekontua izango da handiena, milioi bat euro eta erdikoa, hain justu ere.
Foru Aldundiak bizikleta garraiobide osasungarri eta jasangarri gisa sustatzeko egiten duen apustua irmoa dela nabarmendu du Garmendiak. “Bizikletaren aldeko apustua egiten dugu, ohiko garraiobide gisa, lanera, ikastetxera joateko, erosketak egiteko, bai eta aisiarako ere; izan ere, batetik, garraiobide osasungarriena da, bizitza aktiborako ohitura osasungarriak sustatzen dituena Gipuzkoako herritarren artean, eta garraiobide jasangarria da, eta hori klima-aldaketaren aurkako borrokan egin dezakegun ekarpen pertsonala da", esan du. 2018an, baliabide gehiagorekin, bidegorri garrantzitsuak eraikiko direla adierazi du. Aurten, Amute-Ospitaleak tartea eraikitzen hasiko dira. 996.000 euroko aurrekontua du. Gainera, Lezo-Donibane bidegorrian aurrera egingo da; bertan, dagoeneko, lehen tartea amaitu da eta, aurten, bigarrenari ekingo zaio (970.000 euro). Halaber, Azpeitia-Urrestilla eraikiko da (830.000 euro) eta Eibar-Maltzaga (1,5 milioi).
Azitain eta Maltzaga arteko bidegorria egiten dutenean Elgoibarko bidegorriarekin bakarrik ez, Soraluzerekin ere lotu ahal izango da Eibartik datorren bidea. Hala, Debabarrena eta Debagoiena eskualdeak batzeko aukera izango da, dagoeneko eraikita baitago Soraluze eta Bergara arteko bidegorria.
Bidegorrioen erabileraren datuak, bizikletarien zein oinezkoen profil nagusiak, erabilera maiztasuna eta erabiltzaileek bizikleta-bideaz duten balorazio orokorraren berri ere eman du Aldundiak gipuzkoa.eus webgunean.
∞Lotura duten albisteak:
- Azitain-Maltzaga bidegorri zatia egiteko proiektua idatziko dute datozen hilabeteetan (2017-03-21)
-
Hondoratzeko arriskua dagoela-eta itxi dute bidegorria (2016-03-02)
- Auto bat erori da A8 autobidetik Maltzagako bidegorrian, beste behin ere (2014-11-30)
-
Elgoibar eta Ermua lotuko dituen bidegorria eskatzeko sinadura kanpaina hasi du Esperientzia Eskolak (2014-05-20)
- Elgoibartik Ermuraino, bizikletaz eta trafikorik gabe (2009-11-11)
- Bidegorriak: bata prest eta gehiago bidean (2009-09-17)
- Hasi dira Maltzaga eta Andikano arteko bide gorria egiteko lanak (2009-03-24)
- Bide Gorria egiteko lanak Murias enpresari esleitu dizkio Diputazioak (2008-11-27 elgoiBARREN.net)
- Urte bukaeran hasiko dira Elgoibar eta Maltzaga arteko bidegorria egiten (2008-05-07 elgoiBARREN.net)
- Atzeratu egin dira bide gorria egiteko lanak (2007-10-24 elgoiBARREN.net)
- Bide gorria egingo dute Andikano eta Maltzaga artean 2007an (2006-11-14 elgoibarren.net)
- Bide Gorriak (Urrutira gabe/Asier Etxaniz)