Salaketaren arabera, makina bat garbitzen ari zen brigadako langile bat, gizon bat hurbildu eta irainka hasi zitzaionean. Langileak orduan kargu hartu zion gizonari, zergatik iraindu ote zuen galdetzeko, eta besteak ostikoa eman zion izterrondoan, lurreko harri bat hartu eta jaurtitzeko keinua egin ostean. Oinez urrundu zen ustezko erasotzailea, eta erasotuak abisua eman zuen Ertzaintzan. Ertzainak eta udaltzainak ere gerturatu ziren erasoa izan zen lekura eta udaltzainek erakutsitako argazki baten bidez identifikatu zuen biktimak erasotzailea. Brigadako langileek salatu dute ez dela lehenengo aldia gizon horrek eraso egiten diena eta neurriak hartzeko eskatu dute, lanean beldurrez ari direla arrazoituta. Ertzaintzan salaketa jarri duen langileak berak salatu du aurrez ere iraindu izan duela gizon horrek eta gauza bera adierazi dute haren bi lankidek. Lan Arriskuen Prebentziorako Debabarrenako Mankomunitateko Sailetik Barreni jakinarazi diote hartu dituztela hartu beharreko neurri guztiak eta babesa agertu diote erasoa jasan duen langileari.