Txillarretik zuzenean eskaini dute 'Faktoria' irratsaioa Otegirekin eta Egigurenekin

Barren.eus 2018ko ots. 23a, 14:27

Jexus Egiguren eta Arnaldo Otegi Txillarre baserrian bildu ditu Euskadi Irrratiko Faktoria saioak, Pello Rubio anfitrioi zela. Elgoibarko baserria akordioak lortzeko gaitasunaren sinbolo bihurtu dela azpimarratu dute.

Diferentzien gainetik, denetaz hitz egiteko gaitasunaren sinbolo dela Txillarre azpimarratu dute Egigurenek eta Otegik Faktoria irratsaioan. Gure iragan gertukoa baldintzatu duten elkarrizketa historiko haien aterpe izan zen baserrian elkartu dira berriro bi buruzagi politikoak, Maite Artola kazetariaren galderak erantzuteko.
Txillarren ez zutela gai politikoetaz hitz egiten zehaztu dute, ETAren amaiera ekarriko zuen metodoaren bilaketa izan zela eurena. Alderdiarekiko ere diskrezioz aritu zirela jakinarazi dute. Eguigurenenean ez zuten bukaera arte ezer jakin -"orduan molestia bihurtu nintzen"- eta Otegik pertsona batzuk bakarrik eduki zituen jakinaren gainean -"estruktura guztiak dira kontserbadoreak".
Garai zailak eta frustazioak ere ekarri dituzte gogora, Barajasko atentatua eta Suitzan elkarrizketak eten zirenekoa.

• Anfitrioia

Duela hemeretzi urteko elkarrizketa haiek nola hasi ziren gogoratu du Txillarre baserriko jabeak, Pello Rubiok, Faktoriako mikrofonoen aurrean. Gogora ekarri du "bi pertsona horien arteko konexioa" gakoa izan zela. "Hori eta pazientzia. Pazientzia oso inportantea izan zen", azpimarratu du. Ildo berean, gaineratu du Otegik eta Jexuxek gauzak egiteko beste modu bat bazela erakutsi zutela. "Denak gara elkarbizitzarako inportanteak".  Pello Rubiok Txillarreko bilerei buruzkoak aurrez ere azalduak ditu, 2012an BARRENi eskaini zion elkarrizketan, esaterako.