45 xakelari lehiatu dira VI. Mekatar Iriondo Xake Txapelketan, inoiz izan duten parte hartzaile kopururik handiena, antolatzaileek jakinarazi dutenez. "Urtez urte gora egin du partaidetzak, eta aurten gainera, inguruko herrietako xakelari dezente izan ditugu: Azpeitia, Azkoitia, Eibar, Urnieta, Soraluze, Mendaro, Deba, Elorrio eta Elgoibarkoak". 45 lehiakide horietatik 30 xakean federatutakoak direla zehaztu dute antolatzaileek eta Felix Manso urnietarrak zuen ELO puntuaziorik handiena, 2.120 punturekin.
Joan zen urteko urriaren 2an hasi zen txapelketa eta Iriondo tabernan jokatu dituzte partidak azken bost hilabeteotan. Joan den eguenean jokatu zuten finala Jabi Muñoz mendaroarrak eta Aitor Gallastegi elorriarrak. Jokalari bakoitzak 60 minutu zituen partida garatzeko, eta partidaren une erabakigarrira iritsi zirenerako, minutu bat bakarrik falta zitzaien partida amaitzeko. Presaka eginiko azken mugimenduetan Jabi Muñoz moldatu zen hobeto, eta berak irabazi zuen finala (ikus hemen finaleko azken minutua jasotzen duen bideoa). Xakelari mendaroarrak 11 partida irabazi, bi berdindu eta bakarra galdu du txapelketa osoan. Kopako Finala ere jokatu zuten eguenean. Juan Carlos Valor azkoitiarrak irabazi zion finala Sergio Fernandez elgoibartarrari.
• Udaberriko Xake Txapelketa
Bat amaitu eta bestea hasi. Elgoibarko Xake Taldeak Udaberriko laugarren Xake Txapelketa antolatu du martxorako. Partidako 15 minutu + 30 segundo jokaldi bakoitzeko formatoan jokatuko da.
♦ Mekatar Iriondo Xake Txapelketaren palmaresa:
I. Mekatar Iriondo Xake Txapelketa
- Irabazlea: Jose Luis Larrañaga
- Txapeldunordea: Juan Manuel Navarro
II. Mekatar Iriondo Xake Txapelketa
- Irabazlea: Jose Luis Larrañaga
- Txapeldunordea: Juan Manuel Navarro
III. Mekatar Iriondo Xake Txapelketa
- Irabazlea: Mikel Leon
- Txapeldunordea: Juan Manuel Navarro
IV. Mekatar Iriondo Xake Txapelketa
- Irabazlea: Juan Manuel Navarro
- Txapeldunordea: Juan Jose Gomez
V. Mekatar Iriondo Xake Txapelketa
- Irabazlea: Jose Luis Larrañaga
- Txapeldunordea: Mikel Leon
VI. Mekatar Iriondo Xake Txapelketa
- Irabazlea: Jabi Muñoz
- Txapeldunordea: Aitor Gallastegi