RTVEk latinezko esamoldeei eskainitako irrati lehiaketa irabazi du Oihane Agirrebeñak

Barren.eus 2018ko ots. 27a, 11:35

Elgoibar Ikastolako ikasle Oihane Agirrebeñak RTVE Espainiako irrati-telebistak latinari eskainitako Verba Volant izeneko lehiaketa irabazi du.

RTVE irrati-telebista publiko espainiarrean domeketan eskaintzen duten No es un dia cualquiera irratsaioak latinari eta kultura klasikoari eskainitako atal bat du, Verba Volant izenekoa. Filologia Klasikoan doktorea eta Errioxako unibertsitatean Latin Filologiako irakaslea den Emilio del Riok gidatzen du atala. Gazteleraz egunerokoan erabiltzen diren berbek eta esamoldeek latinean duten jatorria ikertzeaz gainera, latinarekin zerikusia duten hainbat xehetasun ematen dituzte latina oraindik ere bizirik dagoela bistaratzeko.

Atalaren amaieran lehiaketa egiten dute. Del Riok latinera itzuli behar duten galdera egiten die entzuleei. Amodioa denaren gainetik irabazle esaldia itzuli behar zuten latinera azken saioan. 800 lagun baino gehiagok parte hartu zuten lehiaketan eta Oihane Agirrebeña elgoibartarrak irabazi zuen lehiaketa. Omnia vincit amor zen erantzun zuzena. Agirrebeñak Gaius Valerius Catullus Katulo, (K. a. 84 - c. K. a. 53) latinezko lehenengo poeta lirikoaren poesia liburua eta Numantia bideo-jokoa jasoko ditu saritzat.