Arkaitz Irureta-Javi Domingez bikoteak hirugarren postua lortu zuen Altitoyn, beteranoetan

Barren.eus 2018ko mar. 7a, 11:15

Mundu mailako eskiatzaileek parte hartu dute asteburuan mendiko eskiko Open Altitoy-Ternua lasterketan, Grande Course zirkuituaren barruan jokatu baita aurten. Elgoibarko sei eskiatzailek hartu zuten parte proban eta Arkaitz Iruretak eta Javi Dominguezek osatutako bikoteak lortu zuen emaitzarik onena.

Orain bi urte bezala, La Grande Course koparako proba puntuagarria izan da aurtengo Open Altitoy-Ternua lasterketa. Hori dela-eta, mundu mailako eskiatzaileak batu ziren asteburuan Baregesko eta Luz Ardidengo eski estazioan (Okzitania) jokatu den mendiko eskiko proban. Kilian Jornet-Jacob Herman eta Alba de Silvestro-Katia Tomatis bikoteek irabazi zuten probaren 11. edizioa izan dena.
Eguraldiak asko baldintzatu zuen bi egunetan jokatzen den proba. Larunbatean eguraldia eta elurraren egoera alde izan zituzten kirolariek. Honela azaldu du Arkaitz Iruretak: "Ibilbide alpino, luze eta dotorea prestatu zuten antolatzaileek Bareges eski estazioaren inguruetan. Tourmaleteko eski pistetatik irten ginen arren, ibilbidea mendi mendikoa zen. Lau tontorretara eskiak bizkarrean genituela igo behar izan genuen. Neke handia zangoentzat, baina tamaina bereko gozamena mendizaleak garenontzat. Elurra egoera oso onean zegoen eta gozatu ederra hartu genuen".
Domekan, azken egunetan izandako elur-jausien ondorioz, ibilbide gehiena Luz Ardidengo eski estazioan egin behar izan zuten eskiatzaileek. "Ibilbide luzea behintzat egin ahal izan genuen, nahiz eta ez izan batere teknikoa. Baina, hori ere mendi eskia ei da", azaldu du Iruretak. (Ikusi Mendizaleak blogean irakur dezakezue Arkaitz Iruretak Altitoy lasterketaz egin duen kronika) 
• Elgoibartarren emaitzak
Sei elgobartarrek hartu dute parte aurtengo Altitoyn, lauk A Ibilbidean eta beste bik B ibilbidean (ikus bi ibilbideak). Arkaitz Iruretak eta Javi Dominguezek osatutako bikoteak eta Iñigo Larizek eta Igor Alzelaik osatutakoak lehia estua izan zuten. Zapatuan bost minutuko aldea atera zieten lehenek bigarrengoei, baina galdutako abantaila berreskuratzetik gertu gelditu ziren bigarren jatdunaldiaren amaieran. Iruretak eta Dominguezek 31. postua eskuratu zuten sailkapen nagusian eta 32. postuan sailkatu ziren Lariz eta Alzelai, Iruteta-Dominguez bikotearengandik bi minutu pasatxora. Iruretak eta Dominguezek hirugarren postua eskuratu zuten beteranoetan. Iker Leonardok eta Imanol Garaizabalek osatutako bikotea ere A ibilbidean lehiatu zen. Garaizabal aurten hasi da mendiko eskiko lasterketetan parte hartzen, eta proba amaitzeaz gainera 68. postuan sailkatzea lortu zuten. B Ibilbidean lehiatu ziren Elgoibarko Andoni Gabilondok eta Berriatuako Unai Jauregik osatutako bikotea, eta 61. postuan sailkatu ziren. Iñaki Laskurain elgoibartarra eta Edu Iñiguez de Heredia gasteiztarra 63. postuan sailkatu ziren. (ikus sailkapenak)
Lehen euskal herritarra, Pantxo Saint Martin senpertarra izan zen 10. postuan, Antoine Rodriguez frantziarrarekin bikote eginez. Lehen bikote euskalduna Iñigo Martinez de Albornozek eta Pablo Oderizek osatutakoa izan zen, 13. postuan. Horien atzetik sartu ziren Iban Letamendi eta Aritz Egea 22. postuan, eta atzerago, Javi Dominguez eta Arkaitz Irureta. Emaitza bikainak aurten ere euskaldunek, aintzat hartuta Grande Courseko proba dela.

2019an ez da probarik izango, eta 2020an bueltatuko da Altitoy.

altitoy irureta dominguez elgoibar 2

altitoy laskurain elgoibar

altitoy irureta dominguez elgoibar airetik

altitoy dominguez irureta elgoibar. orokor

altitoy irureta dominguez elgoibar elurretan

altitoy dominguez irureta elgoibar. v1