Elgoibar Ikastolako makina bat neska-mutilek parte hartu dute urtero ikastetxean antolatzen duten pilota txapelketan. Finalera sailkatzea lortu duten bikoteek Pilota Egunean jokatuko dituzte finalak, jendaurrean. Martxoaren 10ean, zapatuan, izango da aurtengo Pilota Eguna. Ekintza hau Ikastolako haurrentzat soilik izango da, eta bertan, 6 eta 12 urte bitarteko haurrek parte hartuko dute. 10:30etik aurrera hamalau partida jokatuko dituzte guztira, 12 tantotara.
Lagunak Pilota Eskolaren laguntza izango du ikastolak antolaketa lanetan. Klubeko arduradun Aitor Berguak pilota gaztetxoen artean sustatzeko ekimen polita dela Pilota Eguna dio. "Guk nabaritzen dugu ume gehiago etortzen direla gero pilota eskolara. Egun polita da”, azaldu du.