Erakusketaren aurkezpena, gaur, martxoak 12, 19:00etan, izango da Olaizaga kiroldegiko kafetegian. Raketistak Lehen eta Orain Kultur eta Kirol elkarteak eta Elgoibarko Udalak antolatu dute erakusketa.
Martitzenean, martxoaren 13an, 19:00etan, Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskolan, Jon Juanes Iragorriren Raketistak Lehen eta Orain dokumentala eskainiko dute eta ekitaldiaren amaieran mahai-ingurua ere izango da. Txost pilota elkarteko Ainhoa Palomo eta Jon Juanes oiartzuarrek urteak daramatzate raketisten historia arakatzen eta lantzen. Lan horren emaitzetako bat da Elgoibarren emango duten dokumentala. Frontoietan ibilitako raketisten testigantzak jaso dituzte. (dokumentalaren trailerra beherago)
• Raketista elgoibartarrak
Elgoibarren hainbat erraketista izan dira, besteak beste: Angela Juaristi, Maria Angeles Txurruka, Felisa Muguruza, Juanita Arrillaga Garate, Sabiñe Aranburu, Salome Agirregomezkorta, Maria Agirregomezkorta eta Maria Arrillaga Garate 'Arane I'. Azken honek, hamazazpi urte besterik ez zituela, Bartzelonara joan zen raketista moduan jokatzera eta handik Espainia guztiko frontoiak ezagutu zituen gero, harik eta 1953. urtean, jokatzeari laga zion arte. Maria Arrillagak 2006an BARREN aldizkariari eskaini zion elkarrizketan (579.zenb. -PDF-) azaldu zituen bere errakutista ibilbideko nondik norakoak.