Duintasuna Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsiodunen elkarteak proposatu eta Elgoibarko EHBilduk aurkeztutakoa izango da lehen mozioa. EAJ-PNV alderdiak aurkeztu du bigarren mozioa, hori ere pentsioen sistema publikoari buruzkoa.
Duintasuna elkarteko kideek plenoan parte hartzera gonbidatu dituzte herritar guztiak, "ez bakarrik pentsiodunak edo erretiratuak, guztioi eragiten digun gaia delako", adierazi dute. Duintasunak proposatutako mozioak jubilatu eta pentsionisten eskaerak jasotzen ditu: %0,25eko igoerarekin apurtzea, 1.080 euroko pentsio minimoa ezartzea, KPIa erreferentzia bezala hartzea igoerak aplikatzeko, eta Babes eta Segurtasun Sozialerako erakunde propioa sortzea EAEn. (Irakurri hemen Duintasunaren mozio proposamena osorik -PDF-)
- Martxoaren 22an, eguena, izango da Elgoibarko Udalbatzarraren Osoko Bilkura, 18:30an hasita. (Hona Plenoan eztabaidatuko dituzten gaien zerrenda -PDF-)