Bi ibilbide izango ditu Kilimon Trail mendiko lasterketak, motza eta luzea 

Barren.eus 2018ko mar. 28a, 13:05

Mendaroko Kilimon Trail mendi lasterketak zailtasun desberdineko bi ibilbide izango ditu estreinakoz, bata 23 kilometrokoa eta 1.650 metroko gainbehera positiboa duena eta bestea 11 kilometrokoa eta 600 metroko gainbehera positiboarekin.

Zabalik dago Kilimon Trail mendi lasterketarako izenematea. Apirilaren 14an izango da aurtengoa, estreinakoz zapatuan, domekan jokatu baitira orain arteko zazpi lasterketak. Bada beste berrikuntza bat ere, bi ibilbide izango dituelako probak: 23 kilometroko ohiko ibilbidea bata, eta, 11 kilometroko ibilbide motzagoa bestea, aurrenekoz. Kirolprobak.com webgunean eman daiteke izena luzerako zein laburrerako. Aurten, gainera, Zegama-Aizkorri mendi maratoian parte hartzeko dortsal bat zozketatuko dute Elgoibarko Laserlan enpresaren lankidetzari esker. Ibilbide luzea egiteko izena ematen duten guztien artean zozketatuko dute sari banaketa ekitaldian.

Mendaroko Txirrindulari Elkarteak (MTT) antolatzen du Kilimon Trail mendiko lasterketa, Lizarpe Mendi Klubaren babesarekin. Iaz, Maite Maiora (Mendaro, 1982) eta Julen Larruzea (Larrabetzu, 1982) gailendu ziren zazpigarren Kilimon Trail mendi lasterketan, eta errekorrak ondu zituzten gainera.

kilimon trail mendaro kartela