Iaz jauzi handia eman zuen Errigorak udaberriko kanpainan inoiz baino eskaintza zabalagoa plazaratuz eta emaitzak ere hala izan ziren. Beraz, aurten apustua mantendu eta Errigoraren komunitatea egonkortzeko erronka jarri zuten. Horrez gain,lagun berriak batzea ere lortu dute eta eskaerak ere gora egin du. Euskal Herri osoan ia 93.000 litro olio eta 207.000 ontzi kontserba banatuko dituzte kanpainaren 5. edizioan. Gutxi gorabehera 38.630 olibondo behar dira aurtengo olio eskaerari erantzuteko. Kontserbei dagokienez, ostera, 25 hektarea baino gehiagok ematen duena beharko da 207.000 ontziak betetzeko. Hau da, 36 futbol zelairen azaleraren uzta behar du.
Elgoibarren jasoko dira horietatik 1765 litro olio eta 4560 ontzi kontserba.
- 5 litroko olio bidoi konbentzionalak 192
- 5 litroko olio bidoi ekologikoak 77
- Olio lotea ( 5 litroko 4 bidoi) 21
- Piperrak (12ko sorta) 55
- Piper ekologikoak (12ko sorta) 28
- Zainzuriak (12ko sorta) 72
- Zainzuri ekologikoak (12ko sorta) 33
- Orburuak (12ko sorta) 40
- Orburu ekologikoak (12ko sorta) 11
- Menestra (12ko sorta) 27
- Menestra ekologikoa (12ko sorta) 9
- Potxak (12ko sorta) 20
- Potxa ekologikoak (12ko sorta) 9
- Tomatea (12ko sorta) 29
- Tomate ekologikoa (12ko sorta) 28
- Kremak (12ko sorta) 10
- Krema ekologikoak (12ko sorta) 9
Datuak datu eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko asmoz jaio zen Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura zabaltzeko egitasmoa eta planteamenduak izan du eraginik. Ohitura sortu da kanpainaren inguruan milaka sukaldetako erreferentzia bihurtuz. Hori guztia herrilanaren emaitza da, ehunka auzolangilek hartu baitu parte.
Errigoratik "mila esker eta mila zorion" eman nahi dizkiete nola edo hala kanpainan parte hartu duten guztiei: Olioa eta kontserbak ekoitzi eta prestatzen dituzten nekazari eta elaboratzaileak; kanpainaren oihartzuna Euskal Herriko txoko guztietara hel dadin lan egin duten errigoragile, errigorazale eta komunikabide txiki eta ez hain txikiei eta, nola ez, sukaldera zubi berri bat sartzea erabaki duten kontsumitzaile arduratsu guztiei.