Ostiralean eta zapatuan, Euskal Herriko Itzulia igaroko da guretik, eta Domekan, hiru aldiz igaroko da Elgoibartik Valentziaga Oroitzarrea lasterketa. Domeka arratsalderako, berriz, Elgoibar Hiria Saria txirrindularitza lasterketa antolatu du Lagun Taldeak. Lasteketa guzti hauek, jakina, eragina izango dute trafikoan.
Euskal Herriko Itzulia Gasteiztik abiatuko da barixakuan, eta 164, 7 kilometroko bidea eginda, Eibarren amaituko da. Elgoibarrera Azkaratetik jaitsiko dira txirrindulariak, Eibarrera bidean, eta aurrenekoak, 17:05ak aldera igaroko dira hemendik, denborarik onenean. Zapatuan, berriz, Eibarren hasi eta Arraten amaituko da etapa, 122, 2 kilometro eginda. Urkaregi gainetik 16:56ak aldera igaroko dira, eta Elgoibartik, 17:03ak aldera pasatuko dira.
Valentziaga Oroitzarrea, egun bakarreko lasterketa, 9:00etan abiatuko da domekan Eibartik, eta lehenengoz, 9:07ak aldera igaroko da tropela Elgoibartik Debarantz. Itziar, Zumaia, Zarautz, Meaga, Aizarnazabal, Zestoa, Azpeitia eta Azkoitia pasatuta, 10:57ak aldera iritsiko dira Azkarateko gainera. Elgoibartik 11:09ak aldera pasatuko dira bigarrengoz, Bergarara bidean. Handik, Elgetara abiatuko dira Uberatik gora, eta Eibar atzean laga, Ixua igo eta Etxeberrira jaitsi ostean, Aiastia gainera igoko dira txirrindulariak. Ondo bidean, 12:52ak alderako iritsiko dira Aiastiara, eta Elgoibartik 13:05ean pasatuko dira berriro. Etapa Eibarren bukatuko da.
• Elgoibar Hiria Saria, domekan
Elgoibarko Lagun Taldeak jubenilen Elgoibarko Hiria Saria txirrindularitza lasterketa antolatu du iganderako. 16:00etan abiatuko dira txirrindulariak Kalegoen plazatik eta 86 kilometroko ibilbidea eginda, Mintxetan bukatuko dute lasterketa, 18:20ak.