Elgoibarko Udalak beti eskaini izan die elgoibartarrei jaietarako proposamenak egiteko aukera eta aurten, jaietako antolamendua herri guztiarena izan behar dela iritzita, beste hainbat bide jarri ditu herritarren eskura San Bartolome jaietarako proposamenak jasotzeko: telefonoa, whatsappa, partaidetza prozesuetarako e-posta, on-line galdetegia eta deskargatzeko galdetegia, arreta bulegoan ere jaso zitekeena. Horrez gain, lau tailer antolatu dituzte gizatalde jakinen proposamen eta balorazioak jasotzeko: umeekin ludotekan bildu dira; nerabeekin, gaztelekuan; 60 urtez gorakoekin, Jubilatuen Etxean eta 16 eta 25 urte bitartekoekin, Kultur Etxean. Guztira, 85 pertsonek hartu dute parte (ludotekan 28 ume, gaztelekuan 15 nerabe, Jubilatuen Etxean 20 pertsona eta Kultur Etxeko Sotoan 10 gazte) prozesu partehartzaile horretan eta bilera horietan jaso dira proposamenak batez ere. Udalaren whatsapp, helbide elektroniko eta on-line galdetegiaren bitartez beste 12 ekarpen jaso dituzte.
Partehartzaileek jaiei buruz egindako balorazioa positiboa izan da. Jendea “gustura” dago sanbartolomeekin eta ez dute funtsezko kritikarik egin jaietan antolatu ohi diren jardueren inguruan. Betiko eta ohiko jaiak direla esan dute, eta ohitura, erlijio eta elgoibartarren identitatearekin lotuta daudela. Ateratako beste ondorio nagusia da Elgoibarko bizilagunen jaiak direla eta ez dutela gertuko herrietako biztanleentzat erakargarri izateko asmorik, elgoibartarren gozamenerako antolatutako jaiak direla, alegia.
Partaideen adierazpenei erreparatuta ikus daiteke jaietako hitzordurik garrantzitsuenak Mauxitxa txarangaren kalejirak eta sokamuturra direla eta txupinazoa ere gero eta garrantzia handiagoa hartzen ari dela. Egin dituzten eskaeren artean, berriz honako hauek daude: ikuskizun piroteknikoak jartzea, kontzertu eta ikuskizun eszeniko gehiago antolatzea eta jaietako irudi izango den pertsonaiaren bat sortzea. Segurtasuna ere herritarrek kontuan hartu duten faktorea da. Umeek eta nerabeek jolas jarduerekin, lehiaketekin, kontzertuekin eta kirolarekin lotutako ekarpenak egin dituzte nagusiki; helduagoek, ordea, musikarekin eta gastronomiarekin zerikusia dutenak, baina beste musika mota batekin eta beste esparru zein ordu batzuetan.
Udala ere hasia dago aurtengo jaiak prestatzen eta jasotako ekarpenak baliagarriak izango zaizkiela esan du Ane Beitia alkateak, jasotako proposamenen artean gustu eta kolore askotariko iradokizunak eta hausnarketak bildu baitira. Andrea Arriola Kultura zinegotziak esan du herritarrek beti izan dutela Kultura Sailaren bitartez ekarpenak egiteko aukera, baina aurtengo egitarauan ahalik eta jende gehienak parte hartzea nahi izan dutela, herritarren eskakizunak gertutik entzun eta denen gustuko jaiak osatzeko. Pozik agertu da, bestalde, parte-hartze tailer hauek izan duten erantzunarekin. "Guk nahi dugu herritarrek ikustea parte hartu dezakeela, beren proposamenak kontuan hartzen ditugula, nahiz eta batzutan ezin aurrera eraman eta horrelako kasuetan arrazoiak azalduko genizkieke partehartzaileei", dio zinegotziak.