Proiektu honen baitan Holanda, Finlandia, Alemania, Grezia eta Dinamarkako jendea izango da apirilaren 27ra bitartean Elgoibarren.
Joan zen urtean onartu zuten Eurocom proiektua honako helburuekin: Ikasleek lan praktika egoki eta kalitatekoak izatea eta erreferentziakoa izango den sare europarra antolatzea.
Programako partaideek arloko enpresa kolaboratzaileak bisitatuko dituzte eta hauetan bi eguneko behaketa praktikak egiteko aukera izango dute. Horrela, enpresek nola lan egiten duten eta hemengo prozedurak nolakoak diren bertatik bertara ezagutuko dute, ondoren, beraien ikasleak Euskal Herrira praktikak egitera bidaltzeko. Horrez gain, proiektuan enpresetako ordezkariek ere parte hartzen dutenez, Europako enpresen artean proiektuak sortzeko aukera ere bada bisita. Sarean lan egiteak, informazioa partekatzeko aukera ematen du eta hezkuntza kalitatean ere eragin oso positiboa dauka.
Bisitan, Meka Lanbide Eskolarekin urte luzez elkarlanean aritu diren eskualdeko arlo soziosanitarioko hainbat enpresek hartuko dute parte: Gipuzkoako Foru Aldundia (Egogain egoitza), Debabarrena ESI (Mendaroko Ospitalea), Zumaiako Otezuri egoitza, Elgoibarko San Lazaro egoitza, Ermuako Abeletxe-Vitalitas egoitza, Gureak (Donostia), Azkoitiko Bizi-Lore eta Uztaro haur-eskolak, Zumaiako Maria eta Jose Ikastetxea, Elgoibarko Ikastola eta IES Elgoibar BHIko Zig Gela.
Asteon, enpresetan bi eguneko behaketa praktikak egiteaz gain, esperientziaren balorazioa egingo dute eta eguenean Gipuzkoako Foru Aldundia ezagutuko dute. Horrez gain, Zubiri Manteo Lanbide Heziketako ikasleen eskutik, Donostia ezagutzeko bisita gidatua izango dute.