Maiatzaren 2tik 6ra bitartean Olaizaga kiroldegian jokatuko dituzten 18 partiden egutegia eta ordutegia jakitera eman ditu Sanlok. Jubenil mailako Espainiako Eskubaloi Txapelketako azken fasera sailkatu diren zortzi taldeak lehiatuko dira Elgoibarren, lau taldetako bi multzotan banatuta. Elgoibarko Tecnifuelle taldeak, BM Sanse, Optico Varilux Zamora eta Carballal izango ditu aurkari bere multzoan. Maiatzaren 2an, eguaztena, hasiko du txapelketa etxeko taldeak. Madrilgo txapeldun BM Sanseren aurka jokatuko dute. Maiatzaren 3an, eguenean, Zamorako Angel Optico Varilux BM taldearen aurka jokatuko dute. Maiatzaren 4an, barixakuan, Galiziako Graficas Lasa Carballal taldea izango dute aurkari. 19:00etan hasiko dira Tecnifuelleren hiru partidak. Multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuek beste multzoko bigarren sailkatuen aurka jokatuko dute finalaurrekoa, maiatzaren 5an. Finala maiatzaren 6an jokatuko da, 12:00etan.
• Ordutegiak eta sarreren prezioak
Sanloren webgunean ikus ditzakezue txapelketako partida guztien egutegia eta ordutegiak, eta sarreren prezioari buruzko informazioa. Zortzi urtez azpikoek ez dute sarrerarik ordaindu beharrik izango. Espainiako Eskubaloi Federazioak zuzenean eskainiko ditu partida guztiak, streaming bidez, https://www.rfebm.com/streamings web orrian. Partida guztiak Olaizaga kiroldegian jokatuko dira.
• Entrenatzailearen eta kapitainen iritzia
Tecnifuelle taldeko entrenatzaile Igor Lizarralderekin eta taldeko hiru kapitainekin batu da BARREN, denboraldiari errepasoa egiteko eta Zortziko Finalerako dituzten sentsazioen berri izateko. Irakurri hemen: BARREN 1074. zenb. -PDF-