Finalerdietarako sailkapena jokoan izango du Tecnifuellek Carballalen aurkako partidan

Barren.eus 2018ko mai. 4a, 10:15

Lehen partida galdu eta bigarrena irabazi ostean, Tecnifuellek hil ala biziko partida jokatuko du, gaur, Galiziako Carballal taldearen aurka. Espainiako Txapelketako finalerdietarako sailkapena izango dute jokoan.

Tecnifuelleren multzoan BM Sanse taldea ailegatu da lehen postuan hirugarren jardunaldira. Madrildarrek bi partidak irabazi dituzte. Tecnifuelleren aurka jokatu zuten lehen jardunaldian eta nagusitasunez irabazi zuten, 28-20. Gehiago izan ziren eta elgoibartarrek ere halaxe onartu zuten partida amaieran. 

Tecnifuellek Angel Optico Varilux Zamorako taldearen aurka jokatu zuen bigarren partida, eguen arratsaldean. Txapelketatik kanpo ez gelditzeko partida zen bi taldeentzat, biek galdu baitzuten lehen partida. Tecnifuellek lehen jardunaldian baino lan hobea egin zuen defentsan eta lapurtutako baloiak sare barruan sartzen asmatu zuten. 24-21 irabazi zuten elgoibartarrek. Nahia Legorburuk partida bikaina jokatu zuen eta bigarren jardunaldiko jokalari onena izendatu zuten elgoibartarra.

Tecnifuellek Graficas Lasa Carballal Vigoko taldearen aurka jokatuko du gaur, 19:00etan, Olaizaga kiroldegian. Bi taldeek dituzte bi puntu, eta bietako bat pasako da finalerdietara BM sanserekin batera. (ikus sailkapena)

• Valentziarrak eta galiziarrak nagusi beste multzoan

Beste multzoko Lauko Finaleko azken jardunaldia jokatu dute gaur goizean. Hiru jardunaldiak jokatu ostean, BM Elche talde valentziarrak eskuratu du sailkapeneko lehen postua, bi partida irabazi eta bestea berdinduta. Finalerdietarako bigarren txartela Balonmano Porriño taldeak eskuratu du. Bi partida irabazi eta beste bat galdu dituzte galiziarrek. Tecnifuellek finalerdietarako sailkatzea lortuko balu, BM Elche taldea izango luke aurkari zapatuan.

tecnifuelle sanse elgoibar lehia

tecnifuelle sanse elgoibar loidi

tecnifuelle sanse elgoibar zaleak

 tecnifuelle sanse olaizaga harmailak

tecnifuelle sanse elgoibar 3

2018 05 02 tecnifuelle sanse elgoibar falta loidi