Antzerkia jende artera zabaltzeko asmoarekin antolatu du Taupada Antzerki Taldeak Zelukristaloideak, 40. urteurreneko ekitaldien barruan. Antzerki ariketa berezia izan da Taupadak proposatutakoa. Hiru filma ezagunetako sekuentziak antzeztu dituzte antzezleek herriko hiru erakusleihotan, denda izan eta gaur egun hutsik dauden hiru lokaletan: Aguirre sastreria, Anton altzari denda eta Masumi, hain zuzen ere. Hala, erakusleihoetako beirak hartu du zine pantailaren edo telebistako pantailaren lekua.
Taupadako antzezleek Tim Burtonen Edward Scissorhands, Alfred Hitchcocken Con la Muerte en los talones eta Garry Marshalen Pretty Woman filmeetako sekuentziak eraman dituzte erakusleihoetara, berbarik esan gabe baina musika eta argiarekin lagunduta. Edurne Lasa eta Joxemari Larrañaga zuzendari eta teknikariaren esanetara aritu dira antzezleak.