Euskal Telebistak jakinarazi duenez, Zuhaitz Gurrutxagak bere gertuko auzokideak bisitatuz hasiko du eguna. Hasteko, Juanito topatuko du. Juanito itsua da. Umetan hasi zen ikusmena galtzen, baina horrek ez dio inolaz ere irribarrea kendu. Itsua izan arren, zinemara joan izan da, eta, gustatu izan zaizkio pelikulak. Horretaz gain, irrintziak ere botatzen ditu tarteka, nahiz eta medikuak galarazia dion.
Pakitaren eskutik, berriz, gerrako garaiak gogora ekarriko ditu Zuhaitzek. Pakitak ondo gogoan ditu garai hartako kontuak, borroka frontea haien baserriaren erdi-erdian egon baitzen kokatuta. Hain zuzen ere, Aiastia-San Migeleko inguruak giltzarri izan ziren 1936ko gerran. Eusko Gudarosteak bertan egindako erresistentzia lanak frankisten aurreratzea eragotzi zuen. Irabazitako denbora tarte horri esker, besteak beste, eratu ahal izan zen Euskadiko lehendabiziko gobernua.
Bisita eguna familiako kideak agurtzeko ere baliatuko du Zuhaitzek. Osaba Angelen eskutik makina bat bitxikeria ikasiko ditu. Osaba Angelek trenbide txiki bat ezkutatzen du bere kortan. Ardiak jezteko tresna bat da, berak asmatua, esnea batzea errazagoa egin dakion. Ez da baina osabak ezkutatzen duen sekretu bakarra, western generoko liburu eta film andana baititu etxean.
Eguna bukatzeko, aita bisitatzera joango da Zuhaitz. Etxaurrean eserita eta ardo bana hartuaz kontu-kontari jarriko dira aita-semeak. Zuhaitzek berak ordura arte jakin gabeko hainbat sekretu deskubrituko ditu aitaren ahotik. Elkarrizketa zinez hunkigarria izango da Zuhaitzen azken hau.
Historia hauek eta gehiago, igande honetan izango dira ikusgai, 22:00etan, ohi bezala, eitb.eus-en eta ETB1en, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan. Aiastia-San Migel auzoko saio hau denboraldiko azken atala izango da. Informazio osoagoa: eitb.eus