Bukatu da denboraldia Haundirentzat. Hirugarren Mailako igoeretako kanporaketen zain egon beharko dute orain, Ohorezko Erregional Mailarako igoera lortuko duten jakiteko. Zenbait baldintza bete behar dira hala izan dadin. Lehian diharduten lau euskal taldeak (Cultural, Alaves, Portugalete eta Sestao) azken kanporaketarako sailkatzea komeni zaio Haundiri. Edo, bestela, Bigarren B Mailara igotzeko kanporaketa jokatuko duen Ordizia taldeak igoera lortzea. Ordizia igoko balitz, Haundik ere igoera lortuko luke, eta ordiziarrak ez badira igotzen, elgoibartarrak ere ez. Alegia, goragoko mailetan dauden euskal taldeek maila igoerak lortzea behar du Haundik, zenbat eta euskal talde gehiago igo aukera handiagoak izango ditu Haundik. Ekainaren 24an bukatuko dira igoera kanporaketak, baina ekainaren 10ean ere argitu daiteke Haundiren etorkizuna.
• Kadeteteak igoerarik gabe, eta erregionala Koparik gabe
C.D. Elgoibarreko kadeteek Mintxetan jokatu zuten Euskal Ligara igotzeko Hiruko Finala, baina ezin izan zuten igoera lortu. Lehen partidan 1-2 galdu zuten Amurrioko taldearen aurka, eta Bilboko Deustoren aurkako partida ere galdu egin zuten (0-1). Bizkaitarrek lortu zuten igotzea. Lehen Erregional mailako taldeak ere ez zuen zorterik izan Kopako finalean, eta 1-3 galdu zuen Astigarragako Mundarro taldearen aurka, Orion jokatu zuten finalean.
• Paella herrikoia, ekainaren 9an
Ekainaren 9rako paella herrikoia antolatu du C.D. Elgoibarrek. Maalako parkean izango da eta C.D. Elgoibarreko bazkide, guraso, jokalari, entrenatzaile eta zale guztiek izango dute joateko aukera. Jokalari eta entrenatzaileak doan joan ahal izango dira, eta gainerakoek ordaindu egin beharko dute; 15 euro nagusiek eta 6 euro gazteek eta umeek. Bazkaritarako txartelak domekara arte erosi ahal izango dira Jai-Alai tabernan edo Kaia kafetegian.