Guztira 51 bolari aritu ziren lehian Elgetako bolatokian jokatu zuten Lehendakari Txapelketan. Kanporaketa formatoan aritu ziren nor baino nor eta Lasturreko bolari Roman Arrizabalaga eta Elgoibarko Xabier Loiola ailegatu zuren finalera. Arrizabalagak irabazi zion finala Loiolari. Irabazleak San Migel taldeko Jabier Osoro kanporatu zuen finalerdietan, eta hala, laugarren postua eskuratu zuen Jabier Osorok. Lehendakari Txapelketaren aurreko hiru edizioak (2017-2016 eta 2015) segidan irabazi zituen Osorok.
• Angel Ibarluzeari omenaldia
Lehiaren ostean, elkarrekin bazkalduko zuten bolariek Elgetako bola-tokiko gimnasioan, Arritxaren musikak girotuta. Bazkalostean, Biotza Azpiri eta Arlindo Almeida omendu zituzten. "Beti ahalegintzen gara bolarien munduan aktiboak izan diren pertsonak omentzen. Bi hauek lan handia egin dute, batez ere, bola-toki zaharrak txukun jartzen. Urteek aurrera egin ahala, gero eta hautagai gutxiago geratzen dira. Belaunaldi gazteek ez dute bola-jokoaren testigua hartu, eta beste kirol batzuk nahiago dituzte. Baina gu ez gaude amore emateko, eta bola-jokoarekiko zaletasuna dagoen artean hemen izango gara", adierazi zuen Mikel Urkiak, Gipuzkoako bolarien presidente izendatu berriak. Bolari Egunean bertan estreinatu zuen kargua Urkiak, Angel Ibarluzea elgoibartarrari lekukoa hartuta. Ibarluzea izan da presidentea azken hamabost urteetan, eta hori dela eta, "kirol honi eskainitakoa eskertzeko", Ibarluzeak ere jaso zuen errekonozimendua Gipuzkoako Hiru Txirlo Bolo Joko Txapelketaren 49. ekitaldiko sari banaketa egin zutenean.
Kirol zahar honetan dabiltzan bolariek atseden hartuko dute orain, eta urrian hasiko dira berriro lehian, Euskal Herriko Txapelketan.