Elgoibartar ugari Gipuzkoako Haurtxokoen eta Gaztelekuen sarea sustatzeko bideoan

Barren.eus 2018ko eka. 5a, 16:39

Gipuzkoako Haurtxokoen eta Gaztelekuen sarea sustatzeko bideoa aurkeztu du Aldundiak. Haurrak, nerabeak, gurasoak, hezitzaileak eta udal-teknikariak dira ikus-entzunezko honetan protagonista, horietako asko Elgoibarko Ludotekako eta Gaztelekuko erabiltzaileak eta langileak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteen Sustapen Zuzendaria Goizane Alvarezek adierazi duenez, ikus-entzunezko lan honekin beste urrats bat eman nahi izan dute Gipuzkoako haur eta nerabeentzat "funtsezkoa" den zerbitzu honen alde. Era berean, azaldu du ezinbestekoa zela ekimen honetan zerbitzuaren ardatz diren pertsonei ahotsa ematea. Horren ondorioz, komunikazio-kanpaina bideo batean oinarritu dute, eta bertan, haurrak, nerabeak, gurasoak, hezitzaileak eta udal-teknikariak dira protagonista.

Bideoa Gipuzkoako herri desberdinetan grabatu da, aniztasuna eta errealitate desberdinak islatu ahal izateko. “Segurtasun-txoko bat, gizarte hobeagoa eraikitzeko aukera ematen duena, deskonektatzeko eta lagunekin egoteko gunea, euren herritartasuna aldarrikatzeko lekua, bide-laguntza, maitasuna, errespetua, aniztasuna, pertsonak hezten dituen espazioa, haur eta nerabeak libre sentitzeko lekua…”. Horrela deskribatzen dituzte elkarrizketetan parte hartu duten pertsonek haurtxokoak eta gaztelekuak. “Zerbitzua ikuspegi desberdinetatik ezagutzea oso aberasgarria izan da; eta kalitatezko aisialdiaren alde lan egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi dugu”, adierazi du Alvarezek.
Gipuzkoako 47 herritan banatuta, 100 gune daude guztira, eta bertan 230 hezitzailek dihardute lanean.