`Incognita Patagonia´ espedizioari buruzko erakusketa zabalduko du Eñaut Izagirrek hilaren 15ean, Elgoibarren

Barren.eus 2018ko eka. 11a, 11:53

Hilaren 15ean zabalduko dute Incognita Patagonia espedizioari buruzko erakusketa Kultur Etxeko erakusketa gelan, Ongarri Argazki Taldeak eta Elgoibarko Kultura Sailak antolatuta. Gainera, Izagirrek berak bisita gidatua eskainiko du erakusketa inauguratu eta gero.

Eñaut Izagirre elgoibartarrak, Ibai Rico gasteiztarrak eta Evan Miles estatubatuarrak Patagoniara egindako bidaiaren berri emango du erakusketak. Patagoniako mendikate urrunetan dauden glaziar ezezagunak eta sekula aurrez igo gabeko gailurrak esploratu eta eskalatu zituen hirukote honek.

Incognita Patagonia espediziokideak Amerikako punturik hegoaldekoenean dagoen Cloue izotzeremu ezezagunera (Tierra del Fuego, Txile) abiatu ziren 2016ko martxoan, eta han esplorazio-alpinismoa eta zientzia-ikerketa uztartu zituzten. Argazki-erakusketa honetan espedizioaren nondik norakoak kontatuko ditu Izagirrek. Barixakuan egingo duten inaugurazioaren ostean, gainera, bisita gidatua eskainiko die bertaratzen direnei, 19:30ean. Erakusketa hilaren 30era arte egongo da zabalik, astelehenetik zapatura, 18:30etik 20:30era.

2018 06 07 IncognitaPatagonia izagirre itsasontzia

2018 06 07 IncognitaPatagonia izagirre eskaladan