Alpinismoaren balioak nabarmentzea eta zabaltzea ditu xede Urrezko Pioleta sariak. Urtean zehar eginiko mendi espedizio aipagarrienaren protagonistek jaso ohi dute. 1991n jaio zen Guy Chaumereuil eta Jean-Claude Marnier frantziarren eskutik. Gaur egun alpinismoaren jai gorena da.
• Urrezko Pioleta irabazteko 58 hautagai
2017ko hainbat mendi ekintza aztertu ostean, 58 daude Urrezko Pioletaren 26. edizioa eskuratzeko hautagaien zerrendan. Mendiak igotzeko estiloak edo moduak eta erabilitako baliabideek tontorrera igotzeak berak baino garrantzi handiagoa dute alpinismo modernoan, eta ezaugarri horiekin bat egiten duten jarduerak aukeratu ditu Urrezko Pioleteko epaimahaiak. Nepal, India eta Pakistango mendietan eginiko jarduerak dira gehienak, baina hautagaien artean daude Alaskan, Kanadan, Antartikan, Groenlandian, Patagonian, Alpeetan edo Peruko Alpeetan eginiko jarduerak ere. Horien artean da Aritza Monasterio elgoibartarrak eta Alik Berg kanadarrak Peruko Nevado Hualcan mendian (6.122 m.) zabaldu zuten bidea. 1.000 metroko bidea ireki zuten mendiaren ipar horman, 2017ko uztailean. Nadie sabe nada (ED1, M6, 85º, VI) izena jarri zioten inork igo gabeko hormatzarrean zabaldutako bide berriari.
Ekainaren amaiera aldera jakinaraziko dute Urrezko Pioletaren irabazlea zein den. Sari banaketa ekitaldia, baina, irailaren 20tik 23ra bitartean egingo dute Polonian, Ladek Mountain jaialdiaren baitan. Frantziatik kanpo egingo duten estreinako aldia izango da aurtengo sari banaketa ekitaldia.
∞Lotura duten albisteak:
-
Aritza Monasteriok bide berria ireki du Nevado Hualcan mendian, Peruko Andeetan (2017-11-28)
- Aritza Monasterio ‘Mondo Difficile’ telebista saioan agertu da (2019-09-14)
- Guardia Zibilak Aritza Monasterio mendizalea jipoitu duela dio Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (2007-05-24)
- Aritza Monasterio saritu du Espainiako Mendizale Federazioak (2017-01-22)
- Bide berria ireki du Aritza Monasteriok Peruko Rondoy mendian (2006-11-06)