Martxoan hasi zituzten kontzertuak Narrutsik Elgoibarko talde feministarekin elkarlanean. Herriko artista gazteek eskaini zituzten kontzertuok. Lehenik Amaia Ugartemendia (Tolosa), Xabi Larrañaga eta Pello Errastik, eta gero, Ainhitze Beristainek taula gaineko lehen saioa egin zuen. Apirilean Albert Cavaliers talde donostiarra aritu zen gaztetxean. "Etorkizun handiko taldea” da Cavaliers eta erakutsi zituzten euren dohaiak Elgoibarren ere. Debako Talka bertsio talde akustikoa izan zen maiatzean eta kantuan jarduteaz gain, bertaratu zirenak kantu ezagunak abesten jarri zituzten. Uda aurreko azken txanpa Pelax taldeak egin zuen ekainaren 17an, eta gaztetxetik esan dute oraindik sentitzen dela Sutegixan talde haren energia.
Gaztetxearen urteurrena, abenduan
"Poliki-poliki gure gogoak eta indarrak gora egin dute, eta Sinuose eredutzat hartuz kontzertu egitasmo honi jarraituko diogu", adierazi dute antolatzaileek. Era berean, kontzertuetan laguntzaile, lankide eta partehartzaile izan direnei eskerrak ere eman dizkiete. Jadanik hasi dira hurrengo saioa prestatzen, abenduaren 22an, gaztetxearen urteurrenean, izango dena. “Egun berezi horretarako saioa ilusio handiz prestatu nahi dugu herriarentzat eta historikoki Elgoibarko gaztetxearen parte izan diren guztientzat". Gainera, Jaien ondoren ere, beste kontzertu batzuk antolatzeko asmoa dute Sutegixan. Bestalde, herriko gazteei gonbidapena egin diete ostiralero, 20:00etan egiten duten bileran parte hartzeko.
∞Lotura duten albisteak: