Auzolandegian parte hartuko duten hamasei gazteak Elgoibarren dira

Barren.eus 2018ko uzt. 17a, 08:44

Elgoibarko Udalak ongietorria egin die auzolandegian parte hartuko duten hamasei gazteei. Atzo ailegatu ziren Elgoibarrera Espainiar estatuko hainbat lekutatik datozen gazteak. Bi lan nagusi izango dituzte. Batetik, Moruko aztarnategi arkeologikoa balorean jartzeko lanak egingo dituzte; eta, bestetik, gazteekin gizarte-lanak egiteko lokal baten egokitzapenean lagunduko dute.

Uztailaren amaierara arte egongo dira Elgoibarren auzolandegian parte hartuko duten gazteak. Araba, Albacete, Bizkaia, Burgos, Kordoba, Gipuzkoa, Madril, Murtzia, Nafarroa, Toledo, Valentzia eta Zaragozako lagunek osatzen dute Elgoibarren egongo den taldea. Auzolandegia, Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan antolatutako ekimena da, zeinetan, gazte talde batek euren borondatez eta ordainetan ezer jaso gabe, aldi batez elkarrekin bizi eta gizarterentzat balorea duen proiektu batean parte hartzen duten. Proiektu honen gauzatzeak elkarbizitza, tolerantzia, solidaritatea, parte-hartzea, kulturarteko ikaskuntza bezalako baloreak sustatzeko balio duela azaldu zuten udal ordezkariek gazteei atzo egin zieten harrera ekitaldian.

Elgoibarko auzolandegian parte hartuko duten gazteek bi ekintza egungo dituzte, bata bestearengandik ezberdinak oso. Alde batetik, Moruko aztarnategi arkeologikoan arituko dira lanean, arkeologian aditua den lagun baten gidaritzapean eta Morkaiko Mendizale Elkartearen laguntzarekin. Suhar arkeologia enpresako kide Ander Arresek azaldu duenez, ingurunea txukuntzeaz gainera, aztarna arkeologiko txikiak aurkitzea espero dute, "zeramika piezak, batez ere". Beste alde batetik, gazteek garbiketa-lanak egingo dituzte. Zehazki, egun ingurune irekiko esku-hartzean lan egiten duten hezitzaileek erabiltzen duten lokalaren zati bat egokituko dute. Lokala margotu eta kanpoaldean mural bat egingo dituzte, besteak beste, azken hori Fill in culture artista kolektiboaren laguntzarekin.
Elgoibarko alkate Ane Beitiak adierazi du bi ekintzak bateratuta, gazteok egingo duten lana "oso onuragarria" izango dela Elgoibarrentzat. "Oroimen historikoa, kultura eta ondarea gorde eta mantentzen laguntzeaz gain, ingurumenaren kontserbazioan lagunduko dute, taldean lan eginez eta euren arteko harremanak sustatuz, naturaz gozatzen duten bitartean".

• Aisialdi ekintzak eta herria ezagutzeko bisita gidatua
Boluntarioek goizez egingo dute lan eta arratsalde eta asteburuetan aisialdi jardueretan hartuko dute parte, Kulturbide enpresako animazio talde batek zuzenduta. Taldeak hainbat ekintza proposatuko ditu, auzolandegiko partaideen eta auzolandegia hartuko duen komunitatearen arteko harremanak sendotzeko. Horien artean Elgoibarko kultura eta ohiturak ezagutarazteko ekintzak prestatuko dituzte. Harrera egin osteko lehen egunean, martitzenean, Elgoibarko gune esanguratsuenak ezagutzeko bisita gidatua eskainiko die gazteei Pello Arrieta historialari elgoibartarrak.

2018 07 16 auzolandegiak ongi etorria elgoibar udala borobil b2

2018 07 16 auzolandegiak ongi etorria elgoibar udala borobil

2018 07 16 auzolandegiak ongi etorria elgoibar udala suhar ander arreese