Herriko triatloi zale gazte batzuen ekimenez eratu zuten urte hasieran Elgoibarko Triatloi Taldea, duela bi urte desagertu zen Urgazi Triatloi Taldeak lagatako lekua betetzeko asmoz. Taldeko kideak ari dira duatloi eta triatloietan lehiatzen eta kirol honen ikur diren bi ironman lasterketa ere osatu dituzte bi kidek.
• Martin Dominguez Challenge Roth ironmanean, Nurembergen
Martin Dominguezek Challenge Roth ironmanean hartu zuen parte Alemaniako Nuremberg hirian, joan zen uztailaren 1ean. Ikusleek proba guztian ematen dituzten animoengatik eta duen ibilbide "azkararrengatik" (Jan Frodenok ironman lasterketa batean sekula egin den denborarik onena lortu zuen 2016ko edizioan: 7:35:39) entzute handiko proba da Alemaniakoa Europa guztiko triatloi zaleen artean, eta ez da batere erraza parte hartzeko lekua lortzea.
Urte osoan aritu da Dominguez proba hori prestatzen, Etor Mendia entrenatzailearen gidaritzapean. Autoa beharrezko material guztiarekin bete eta autoz egin zuen Nurenbergerainoko bidea. Han egin zituen egunetan sukalde, egongela eta logela ere izan zuen autoa eta horren eraginez nahi baino neke gehiago somatu zuen proba egunean. Sentsaziorik onenekin lehiatu ez arren, zaleek jartzen zuten giroaz eta halako proba gogor eta luzean lehiatzeak sorrarazten duen "sufrimenduaz gozatzen" ahalegindu zen. Triatleta elgoibartarrak 11 ordu, 33 minutu eta 36 segondoan osatu zuen proba. 3,8 kilometro igerian, 180 kilometro bizikletaz eta 42 kilometro saltaka egin zituzten. Elgoibarko Triatloi Taldekoek euren blogean jaso dituzte Martin Dominguezen bizipenak.
• Igor Torres, Gasteizko triatloian
Igor Torresek etxetik gertuago osatu du bere estreinako ironman lasterketa, Gasteizko Triatloian hartu zuen parte joan den uztailaren 8an. Torresek irailean eman zuen izena, Maddi alaba jaioberri zen sasoian. Hori dela-eta, proba prestatzeko buruhauste gehiago izango zituela uste zuen arren, ez zela horrenbestekoa izan dio, alaba "oso ondo portatu" zelako. Hala, entrenamendu saio onak eginda ailegatu zen proba egunera. Giro eguzkitsuak lagunduta, 2.598 lagunek partu zuten parte lasterketako modalitate ezberdinetan. Aurtengo edizioa, orain arte ospatutakoen artean nazioarteko partaidetza handiena izan duena izan da, 38 herrialde ezberdinetako atletak izan baitziren. Torres ironman distantzian lehiatu zen. "Mamu txiki batzuk" zituen buruan, distantzia erdiko bi triatloi amaitu gabe bertan behera laga behar izan baititu aurten, baina gorputzaldi ona izan zuen oraingoan eta arazorik gabe osatu zuen proba. Amaitu bakarrik ez, meritu handiko 53. postuan sailkatu zen 9 ordu 33 minutu eta zazpi segundoko denbora eginda (sailkapenak -PDF-). Alejandro Santamariak irabazi zuen proba, 8 ordu 17 minutu eta 5 segunduko marka ezarrita. Triatleta elgoibartarrak ordu bat eta bi minutuan egin zuen Uribarriko pantanoan jokatu zen igeriketako proba. Bizikletako zatia bost ordu zazpi minutu eta zazpi segundoan osatu zuen eta hiru ordu hamazazpi minutu eta hamaika segundoan egin zituen antxitxika 42 kilometroak. Gasteizko triatloia "polita" eta "gomendagarria" dela esan du Torresek, eta argi du urteren batean errepikatuko duela ere. Hurrengo urtean, baina, beste ironman bat egiteko gogoa du, oraindik non ez dakien arren. elgoibarkotriatloitaldea.com blogean dituzue Igor Torresen bizipenak.