Euskal Herriko eta Kataluniako hainbat hedabide dira aldizkari digitalaren bultzatzaileak: Goiena, Anboto (Durangaldea), Baleike (Zumaia), Tokikom eta Esguard (Bartzelona).
Datorren barixakuan, uztailaren 27an, euskarazko komunikabide digital berri eta berritzaile bat jaioko da. Ttap izena izango du, eta, irailetik aurrera, astero iritsiko da, doan, irakurleen poltsikoetara. Barixakuero, bi edizio izango ditu Ttap-ek: bat Bizkairako eta beste bat Gipuzkoarako.
Donostiako Keler eraikinean aurkeztu zuten Ttap proiektua. Euskal kulturaren eta komunikazioaren munduko ordezkaritza zabala elkartu zen.
• Digitala, multimedia eta gertukoa
Aldizkari digitala eta multimedia, eskuko telefonoetan eta tabletetan irakurri, ukitu, ikusi eta entzun ahal izango da. Izan ere, "edukiak hainbat formatu eta euskarritan landuko ditu, erabiltzaileari esperientzia atsegin eta interesgarria eskaintzeko. Hau da, testuekin batera, bideoak, audioak eta eduki interaktiboak egongo dira", azaldu du hedabide berritzaile horren zuzendari Monika Belastegik (ikus hemen Goienari eskaini dion elkarrizketa). Edukiari dagokionez, gertuko gaiak landuko ditu, modu azkar eta erosoan kontsumitzeko moduan, baina eguneroko presatik ihesi. "Batez ere, inguru urbanoan eta garraio publikoan kontsumitzeko egingo dugu, telefonoa aldean hemendik hara dabiltzan horientzat", dio Belastegik. Hamasei orrialde edo pantaila izango ditu eta ordu laurdenean irakurri ahal izango da. Edukietan sakondu nahi duenak beti izango du horretarako aukera, mimo handiz landutako audio eta bideo piezen bidez".
• Kataluniakoekin elkarlanean
Ttap-en oinarria Kataluniako Esguard aldizkaria da. Hark sei urteko ibilbide oparoa du. "Publikoak oso ondo erantzun dio, han, formatu berri horri. Esguard-en azken urteetan pilatutako esperientzia Ttap-en baliatu nahian, elkarlanean oinarritutako proiektua jarri dugu martxan", azaldu du Belastegik.
• Kolaboratzaile talde zabala
Kolaboratzaile zerrenda zabal eta plurala izango du: Sara Gandara, Xabi Paya, Ilaski Serrano, Juan Kruz Lakasta eta gehiago arduratuko dira asteroko elkarrizketa nagusia gidatzeaz. Iritzi emaile lanetan arituko dira, bestetik, Izaro Andres, Pilar Kaltzada, Joseba Sarrionandia, Axi Muniain, Arantxa Urretabizkaia, F. Javier Arrieta, Unai Iturriaga, Ander Izagirre eta beste asko.
• Zelan deskargatu
Ttap aplikazioa hilaren 27tik aurrera egongo da eskuragarri App Store-n eta Google Play-n. Horretarako, www.ttap.eus webgunera jo eta bertatik jaisteko aukera ere egongo da. Abuztuaren 31ra bitartean deskargatzen dutenak tableta baten zozketan sartuko dira.