Mendaroko Agarre haitzuloan Madeleine aldiko bi pieza eta labar artea aurkitu dituzte

Barren.eus 2018ko uzt. 25a, 12:53

Duela 14.000 urte inguruko zintzilikario bat eta lantza baten buruko pieza topatu dituzte Agarreko haitzuloan, Mendaron. Lehen mailako aurkikuntza arkeologikoa dela nabarmendu dute aurkikuntzaren berri emateko gaur goizean Donostian egin duten agerraldian.

Denis Itxaso Gipuzkoako kultura diputatuak, Alvaro Arrizabalaga eta Blanca Otxoa arkeologoek eta Andrex Maiz Antxieta taldeko kideak eman dituzte Agarreko haitzuloan eginiko aurkikuntzen berri.
Gaiak finkatu du garaia: aurrez aurre dagoen basahuntz bat ageri du zizelkatuta Agarren aurkitutako zintzilikarioak, eta horrek argitu die arkeologikoei piezaren antzinatasuna. Madeleine aldikoa da, duela 14.000-10.000 urte artekoa. Eta garai bertsukoa da bigarren aurkikuntza ere, oinaldean grabatuak dituen lantza baten gaineko pieza. Haitzuloaren horma batean margo bat ere atzeman dute, gutxienean duela 22.000 urtekoa behar duena.
Horman aurkitutako margoari dagokionean, Agarreko labar artearen lehen zantzuak direla aipatu du Blanca Otxoak, eta gehiago agertu daitezkeela. "Oraingoz topatu duguna adierazpen figuratibo bati dagokio, animalia bati ziurrenik", azaldu du. Arkeologoaren arabera, pigmentu gorria eta ura nahastu, eta hatzarekin puntuka egindako irudia da. Inguruko beste bi haitzulotan agertu izan da teknika bera: Zestoako Danbolinzulon orein bat dago hala egina, eta zaldi baten burua Mañariako Askondo koban.

2018 07 25 agarre aurkikuntza arkeologikoa diputazioa

• 1966an aurkitu zuten Agarreko aztarnategia
Aspalditik ezagutzen den aztarnategi arkeologikoa da Agarrekoa. 1966an aurkitu zuten, eta orduan egin ziren lehen indusketak. Han aurkitutako piezak hasieran uste zena baino zaharragoak izan zitezkeela iradoki zuen, bi hamarraldiren ostean, Joxean Mujika historiaurreko adituak, eta hori da gaur aurkeztutako aurkikuntzek baieztatu dutena.
2006ra arte labar artea Altxerrin (Aia, Gipuzkoa) eta Ekainen (Zestoa) soilik ezagutzen zela ekarri du gogora Alvaro Arrizabalagak. Baina azken urteetan aurkikuntzak ugaritu dira inguru horretan —Praileaitz (Deba), Erlaitz (Zestoa), Astigarraga (Zestoa) Astuigaña (Zestoa)...—, eta "interpretaziorako korridore bat" markatu dutela aipatu du arkeologoak: "Batzuk jada historiaurreko autobidea deitu dutena sendotzen doa". (*iturria: berria.eus)

Agarreko haitzuloan eginiko aurkikuntza arkeologikoa aurkezteko Donostian egin duten prentsa agerraldia: