Jai usaina iritsi da Arriaga auzora

Barren.eus 2018ko abu. 30a, 09:25

Joan dira sanbartolomeak eta badatoz San Antolin jaiak. Gaur hasiko da jai usaina Arriaga auzoan, 20:00etan zuhaitza eta ikurrina jasotzearekin batera, eta hiru egunez jaietan izango dira auzotarrak. Txupinazoa, hori bai, ostiralean, abuztuaren azkenekoan, jaurtiko dute, 19:00etan. (egitaraua dauka)

Egitarauan, hainbat berrikuntza izango dira aurten, baina ez dira faltako urtero-urteroko ekintzak ere. Barixakurako, esate baterako, eta ohi legez, txapel jaurtiketa txapelketa eta oliba-hezur txapelketa antolatu dituzte, txupinazo ondorenerako. Gero, kalejira egingo dute trikitilariekin, 20:30ean hasita, eta gauerako, txiste-afaria iragarri dute, ohiko bertso-afariaren ordez. Gillermo Segurola, Xabier Zeberio eta Gregorio Larrañaga "Mañurkorta" ariko dira txisteak kontatzen, eta afaritarako txartelak salgai daude dagoeneko Usatorre tabernan, 25 eurotan. Afalostea, berriz, Erromeria Mugi Panderoa taldeak girotuko du, eta goizaldera, txokolatea banatuko dute auzotarrek, dantzan galdutako indarrak berreskuratzeko, jaiak ez baitu etenik izango domekara arte.

Zapatu arratsalderako, 17:00etatik aurrera, umeentzako jolasak, mus txapelketa, futbolin txapelketa, toka txapelketa antolatu dituzte, eta ordubete beranduago hasiko dira patata tortilak prestatzen lehiaketarako aurkezten diren bikoteak. 19:00etan, asto proba ikusteko aukera izango dute Arriagara batzen direnek. Txibilterren astoa eta Jun edo lehertu giza proba taldearen arteko desafioa izango da. 480 kiloko harriari tiraka jardungo dira bata zein besteak, zeinek plaza gehiago egin. 21:00etan izango da afaria, eta afari horretarako txartelak ere Usatorren eskura daitezke, 20 euroan. Ondorenerako, erromeria iragarri dute, Izer, Alabier eta Lutxurdiorekin. Baina erromeriak iraun bitartean, tarte batez, dantza lehiaketa ere izango da. Gaua amaitzeko, ohi legez, txokolatea banatuko dute auzotarrek, jaietako errifaren zozketa egin ondoren.

Domekan amaituko dira Arriagako jaiak. Meza izanago dute goizean, 11:00etan, eta ondoren, salda eta txorizoa banatuko dituzte auzotarrek. Jaien bukaera gisa, auzo bazkarian batuko dira arriagatarrak, 14:00etan.

san antolin arriaga egitaraua

san antolin urruzuno elgoibar ponya erronka